Lehenengo aldia izan da GITE-IPESek Euskal Herriko Unibertsitatean hitzaldi bat antolatzen duela, baina hurrengorik egoteko ateak zabaldu ditu Mikel Etxaburuk, elkarte bilbotarreko ordezkaria. Gaiaren aurkezpena bukatuta Francesc Armengolek hartu du hitza. Kataluniako Endavant alderdi ezkertiar independentistaren bozeramaleak iruzkindu egin du bere herriko talde independentisten ibilbide historikoa.
Hiru fasetako deskribapena burutu du Armengolek, borroka armatuarena hasiera bezala, mugimendu independentistaren krisialdia bigarrenik eta egungo egoera kokatu du azkenik. Carod Roviraren ERC alderdiak "ezker independentistaren parte inoiz ez" dela izan nabarmendu nahi izan du hizlari katalanak, "independentista borrokazaleak desagerrarazteko ahaleginetan aritu dira eta horren probetxua hartu dute egun".
Endavant, kalean ekintza aktiboa bultzatu duten talde desberdinen biltzearen emaitza izan zen, 2001ean sortu zenean. Mugimendu independentisten "berpiztea ematen ari" dela iradoki du Francesc Armengolek, emaitzak botoetan ERCrengan biltzen diren arren. Generalitateko hirukoaz "ezer berririk ezin da espero". Endavanteko bozeramalearen aburuz, izan ere, Bartzelonako Udalean lau urtez izandako "esperientziak itxaropenik ez du pizten, ERC ez baita hausturarik bilatzen duen alderdia".
Euskal gatazkaz
Joseba Alvarez aritu da, Sozialista Abertzaleak taldeko ordezkari gisa, ezker abertzalearen egoeraz. Espainiako gobernu aldaketaren garrantziaz abiatu da Alvarezek bere diskurtsoan, Euskal Herrian izan dezakeen loturak nabarmenduz. "Euskaldun bezala, ez dugu ahazten PSOE gobernuan zegoela burutu zirela GAL eta beste eratako auziak" esan du Alvarezek, baina "aldatu dira garaiak eta konponbideak bilatzeko zeregina dago orain mahai gainean".
Aznarren zortzi urteetatik "Ezker abertzalea bizirik atera" baino gehiago egin duela adierazi du SAko kideak, "esparru anitzetan lanean ari" dela azpimarratuz. Bergarako proposamenaren izaeraz mintzatu da Alvarezek, "euskal herritarren izenean negoziatzeko ordezkaritza bat osatzeko proiektua" zela esanez. Ibarretxe lehendakariaren plana "herriak eskatzen duen borondate politikoari azken erantzuna" izan da Joseba Alvarezen iritziz, Lizarrako prozesuan bere ustez Ezker Abertzaleak hartu zuen indarra berriro eskura ez dezan pentsatutakoa.
Nazioartean aldaketak eman daitezkeela iragarri du SA taldeko hizlariak, "Aznarren izaera Europa mailan gaitzesten zen bitartean, Zapaterorena ontzat ematen delako" euskal gatazkarekiko kanpoko ikuspegiak aldatu ahal direlarik. Azkenik Herritarren Zerrendaren aipamena egin da, horren atzetik ezker abertzalea izatea ukatu du Joseba Alvarezek.
Ikusi:
http://www.endavant.org
http://www.gite-ipes.com