Bizkaiko Foru Aldundia bultzatzen ari den Bilbo Metropolitarreko Lurralde Plan Partzialaren (
LPP-PTP) aurrean ezinegona eta desadostasuna adierazteko, UK=CU izeneko kanpaina abian jarri du Amarratsak kolektiboak. Alde batetik, Getxotik Plentziara, kostaldetik gertu egingo diren etxe eta errepideen aurka agertu dira eskualdeko hainbat gaztek osatzen duten taldeko kideak, "hondamendi ekologikoa" ekarriko dutelako. Baina "luxuzko etxeen eraikuntza masiboak (9.953 etxe berri) dakarren eremu berdeen desagerketarekin" ez ezik, etxe horiek edukiko duten salneurriarekin ere kezkaturik daude kolektibokoek. Euren iritziz, "bakar batzuen eskura baino ez dira egongo, gizartearen beharrak baztertuz". Hain zuzen ere, Uribe Kostako herriak Bilbo hiriaren jarraipena (CU=continuo urbano) bilakatu nahi dituztela salatu dute, "herriak bizirik eta euren nortasuna mantenduz" nahi dituztela aldarrikatzearekin batera. Horretarako, eta Amarratsak kolektiboa bera jende aurrean aurkezteko, hitzaldia antolatu dute azteazken honetan (maiatzak 12), 19:30etan, Algortako Kultur Etxean (Villamonte). "Zer gertatuko da gure eskualdeko herriekin?" izenburupean, Txema Piko izango da hizlaria.
LPPk eskualdera ekarriko duen 'hondamendia' salatu du Amarratsak kolektiboak (2004 Mai 06)