Zaharrak berri? - Antton Azkargorta / EHUtik kaleratutako irakaslea

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2004ko mai. 11a, 23:38

Gizakion zeregin anitzen barruan, eskuartean merezi duen zerbait dugunean behintzat, garrantzi biziki inportantea izan du betidanik berritasunaren arazoak. Zein da eginda dagoenaren, sobera ezagutzen dugunaren eta egin nahi dugun berriaren arteko erlazioa?

Mattin Irigoien idazleak Argia aldizkarian, beste gauza batzuen artean, horretaz mintzatzen zaigu. Gure herria eraikitzeko orduan nola jokatu behar dugun jardun duela, honakoa diosku: “Jakina, eskupean ditugun materialak baliatuz, lehendanik utzi zizkigutenak, baina gureak sortzen arriskatuz”. Gai berari oratuz, harantzago doa Eduardo Galeano poetak Las palabras andantes izeneko liburuko Ventana sobre la memoria (I) poeman. Buztingile zaharrak, iniziazio prozesuan, buztingile gazteari bere piezarik onena eman dio: erretiratzen den artistak bere heltzerik onena, maisu-lana, artista gazteari utzi dio. “Y el artista joven no guarda esa vasija perfecta para contemplarla y admirarla, sino que la estrella contra el suelo, la rompe en mil pedacitos, recoge los pedacitos y los incorpora a su arcilla”.

Metafora ezin hobea asmatu du, nire ustez, poeta uruguaiarrak iragana eta oraina, zaharra eta berriaren arteko dialektika azaltzeko. Eta honek berdin balio du kulturaren tradizioetarako, arterako zein politikarako. Zerbaiten funtsa mantentzeko, paradoxikoki, aurretik eraitsi egin behar da, eta haren elementu batzuk berriro antolatu ideia berriaren arabera. Horrela, alde batetik jarraipena dagoelako inpresioa izango dugu baina bestetik, sortutako proiektua berria izango da. Horrela bada, esan ahal izanen da ezer ez dela ezerezetik —ex nihilo—sortzen, eta baita ere, ideia berria eta horrek dakarren ikusmoldea eta gauzak ulertzeko modua guztiz berria dela. Azentua aspektu batean ala bestean jartzeak emango digu une garrantzitsu horrekiko zeihardura ideologikoa.

Artearen munduan inon baino argiago dago apurketaren ideia hau. Maisu handien dizipuluak ez dira mugatzen haien lana kopiatu eta errepikatzera, ez dute hark egindakoa zehatz-mehatz berregiten, mundu horretan izen propioa eduki nahi badute behintzat. Esaterako, gauza jakina da Cezanne-k iradoki zituela Kubismoaren ardatz nagusiak, baina onartu beharra dago, baita ere, Braque-k eta Picassso-k modu guztiz propioan muturreraino garatu zituztela estilo horren posibilitateak.

Politikan eztabaida-iturri etengabea da gai hau ere bai. Dena dela, nik argi daukat: autonomismoaren eltzea puskatu behar da. Ondoren haren zatiek (egitura, lorpen, pertsona…) denboran jarraipenik izango badute, gure herriaren subiranotasunaren paradigma berrian berrantolaturik izango dute. Ideia berriari eman behar zaio beti nagusitasuna, elementuak berrantolatuko dituena bera izango baita.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun