Herriko izenak jakiteko interesa bai, baina zer diogu izen askoren sorburu izan diren baserri eta etxe zaharrak mantentzeari?. Etxe horiek zutik irautea litzateke zuzenena, baina ustezko hirigintza planen aitzakian, antza denez Udalaren jokabidea horiek guztiak botatzea da, INMOBILIARIA, PROMORE, ARKITEKTURA ESTUDIOAK (kastigatzera beldur ez banintz, esango nituzte izenak) eta enparauen diru-egarriari men eginez.
Eta txarrena dena: Auzokoon desadostasunaren aurrean udalak entzungor egiten du, eurak ere legearen menpean daudela esaten dutelarik, eta hirigintza plana betetzekotan hori guztia beharrezkoa dela adieraziz. Esan gabe doa legea betetzeko gizalegezkoak ez diren prozedurei bidea ematen dietela: Gauez inork jakin barik beserri eta etxe zaharrak jausi egiten ei dira (horra hor Ibertxune, Goñibarri....), etxe zaharretan bizi diren herriko auzokoak (batzuetan jabeak direlarik) bere etxea utzi beharrean aurkitzen dira aipatutako lehengo diru-egarridun horiek ustez legezkoa den lapurreta burutuz, gazte asko herritik joatera kondenaturik daude etxebizitza berrien prezioei aurre egin ezinik...
Mirestekoa dugu Udalak herriko toponimia jakinarazteko jarri duen enpeinua eta grina, baina era berean guztiz gaitzeztekoa dugu baserriak eta etxe zaharrak diren herriko ondare historikoarekin agertzen duen errespeturik eza. Ematen du herriko toponimiaren ezagupena bultzatuz gure etxe eta baserriekin egiten ari den etnozidioa estali nahi dutela. Orain arte herriak erabili dituen izen askori ofizialtasuna ematen zaie, baina hemendik urte batzuetara izenik eman lekiokeen baserri eta estarta zaharrik geratuko ote da? Izen horiek, eraikiko diren txalet eta errepide berriei jarriko ote dizkiete? Ala izen horiek gabe, txorien edo mendien izenak dituzten kaleen artean biziko ote gara?
Galdera asko dira paragrafo txiki batean, baina gauza bat argi dago: Herriko Ondare hiztorikoaren suntsiketa ikusteko ez da Nafarroaraino joan behar, Getxoko herrian bertan baitugu. Pausu honetan, gutxi barru ez da izena eman dakiokeen baserri edo etxe zaharrik egongo.