Fadurako frontoien zaharberritze lanak behin amaituta, datorren larunbatean zabalduko ditu ateak erabiltzaileentzat. Lan hauen aurrekontua hiru milioi eurokoa izan da. Besteak beste, teilatu berria eta zutabe irristagaitzak jarri dituzte. Barnekaldea ere birmoldatu dute, legionella gaitza ekiditeko neurriak hartzearekin batera.
Haatik, Fadurako frontoietako ohiko erabiltzaileek, instalakuntza erabat zaharberrituak izango dituzte maiatzaren 15etik aurrera. Gunea 5 pilotalekuz osatua geratu da: horietako bi zesta-puntan aritzeko egokiak dira, beste hirugarren bat nahiko handia da, beste bat txikiagoa, eta bosgarrena trinketerako izango da.
Kiroldegi berria Erromon
Gobelako udal kiroldegiak datorren urteko otsaila edo martxoan irekiko ditu bere ateak. Izan ere, Guzman Aranaga kirol arloko zinegotziak azpimarratu duenez, aurreikusitako epeak ari dira betetzen. Proiektuaren zenbatekoa 14 milioi euro ingurukoa izango da eta Ander Marquet arkitektoa da horren egilea. Aranagak zehaztu duenez, "irisgarritasun arazo guztiak gainditzen duen egitasmoa da eta energiaren erabilerari dagokionean, bikaintasunaren mailarik gorenera iritsi gara, eguzkitik energia hartzeko instalakuntzak oraindik ipini barik dauden arren, aurrezpen energetiko aipagarria ekarriko du".
Instalakuntza nagusienetako bat futbol zelaia izango da. 1.250 ikusleentzako tokiarekin, uztailerako amaituko da eta, hortaz, 2004-2005 denboraldirako bertan jokatzeko prest egongo da. Arenas eta Romo futbol taldeek erabiliko dute gehienbat.
Estalitako erabilera anitzetarako pabilioia eta igerilekua -neurriko bat, 25x12 metokoa-, ikasteko aretoa eta umeentzako borobila hirugarrena, barruko bost areto eta kanpoko padel eta tenis bina pista osatuta egongo da kiroldegia.
Instalakuntza hauei, eta dagoeneko udalerrian egin direnei esker, "Getxo maila europearrera egokituko da hiritarrentzako kirol eskaintzari dagokionean", Guzman Aranagaren esanetan. Kirolgune honetan, gainera, aldagela ugari eta baita 286 autorentzako tokia izango duen lurrazpiko aparkalekua egongo dira ere bai.