Ekitaldi ugari Algortan, Amnistiaren Aldeko Astean

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2004ko mai. 17a, 23:58

Gaur eman zaio hasiera Algortan maiatzaren 23ra arte luzatuko den Amnistiaren Aldeko Asteari. Besteak beste, bideo emanaldiak, hitzaldia, elkarretaratzeak, mobilizazioak, ekitaldiak, herri bazkaria, bizikleta martxa, triki poteoa, kontzertuak... izango dira astelehenetik igandera auzo horretako Amnistiaren Aldeko Topaguneak antolatuta. Ekitaldi eta mobilizazioetan parte hartuz, amnistiaren alde euren ekarpena egiteaz gain, etxeko leihoan zein soinean "Euskal Presoak Euskal Herrira" ikurra ipintzeko dei egiten diete algortar guztiei antolatzaileek.

Astehenetik igandera egingo denak 1977. urtean egindako amnistiaren aldeko asteen giroa errekuperatu nahi du. Algortako Amnistiaren Aldeko Topegunetik gogoratu dutenez, "garai hartako amnistiaren aldeko mugimenduaren irudia egiteko esan behar dugu poliziak 13 euskal herritar hil zituela amnistiaren aldeko mobilizazioetan. 1977ko maiatzean egin zen astean 7 herritar hil zituen poliziak".

Beste alde batetik, Donostian aste berean egiten ari den Preso Politikoen Nazioarteko Konferentziarekin bat egiten du denboran Amnistiaren Aldeko Aste honek eta preso politikoen aldarrikapenen oihartzuna ere izan nahi du.

Presoen izaera politikoa aldarrikatu nahi dute nazioarteko konferentzian - Berria (2004 Mai 06)

Lehen aipatu bezala, Algortako Amnistiaren Aldeko Topaguneak antolatu ditu ekitaldiak. "Amnistiaren alde diharduten edo bertan ekarpenak egin nahi duten guztien elkargune" izan nahi du Topaguneak, bere kideek adierazi dutenez, "amnistiaren aldeko mugimendua berpiztu eta bideratzeko: Euskal Presoak Euskal Herrira prozesu politikoan parte hartu ahal izan dezaten!". Halaber, Algortako tabernariak, Gazte Enbata, Algortako Gazte Asanblada, Karrika Gazte Konpartsa, Algortako Bertsolari Eskola, Koska Irratia, Sokatira taldea, Ekin, Defectos Especiales, Patada en la papada eta Kloratita musika taldeak eta Amnistiaren Alde diharduen guztieri, amnistiaren aldeko aste hau egiten laguntzeagatik.

Ikusi egitaraua agendan
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun