Reality showak kakazahar hutsa dira. Horra abiapuntu argia. Hasteko, etikaren ikuspegitik ez dituzte oso oinarri sendoak. Bertan parte hartzen dutenek askatasun osoaz parte hartzen dutela esango didazue, eta egia da; baina pertsonaje horiek ere ez dituzte, etikaren ikuspegitik, oso oinarri sendoak, horixe da kontua. Reality show batean parte hartzea onartzea bada, nire ustez, horren froga argia, baina norbaitek, hala ere, zalantzak baditu, telebista piz dezala edozein ordutan eta entzun ditzala reality show batean parte hartu dutenek beste saio batzuetan esaten dituzten astakeriak. Reality showen beste alderdi jasangaitz bat da hori: telebista osoa eurenganatzen dute.
Bestetik, non dute errealitatea reality showek? Zer errealitate dago kamera bat etengabe begira duzula jakinez gero? Reality showetan parte hartzaileek bizi dituzten baldintzak ez aipatzarren. Hori bada errealitatea, zer da nik egunero bizi dudana? Ametsa? Benetako errealitatea erakutsi nahi baligute, ez lukete esango kamerak daudenik, eta ez lukete ezezagun talde bat auskalo zein etxe prefabrikatutan elkartuko. Kamerak kalean paratuko lituzteke, besterik gabe, eta kitto. Atutxak bezala.
Hirugarrenik: reality showak zeharo aspergarriak dira. Eta higuingarriak. Zergatik hainbeste jenderi gustatzen zaizkien, misterio iluna da niretzat.