Adimen urrituentzako eguneko zentroa zabalduko dute Astrabuduan

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2004ko mai. 18a, 21:31

Adimen urritasunak dituzten pertsonak laguntzeko asmoz, eguneko zentroa inauguratuko du bihar, Erandioko Astrabudua auzoan, Gorabide elkarte bizkaitarrak. Besteak beste, Txorierrin, Nerbioi itsasadarreko eskumaldeko udalerrietan eta Bilbon bizi diren 16 lagunei emango zaie zerbitzua, Etxegorri kaleko 16. zenbakian kokatuta egongo diren instalazioetan.

Guztira, 300 metro koadroko zabalera du zentroak eta, maila pertsonalean ez ezik, lan arloan ere, adimen urrituei arreta emateko hainbat zerbitzu egongo dira bertan. Egokitutako garraioak eta jantokia ere edukiko dituzte. Gorabide elkarteko arduradunek adierazi dutenez, "erabiltzaileen zein euren senitartekoen bizitza-kalitatea hobetzea da helburua". Horretaz gain, adimen urrituen arteko "pertsona eta gizarte mailako harremanak eta euren autonomia maila" sustatu nahi dituzte, "gizarteratzea errazago egin dakien". Lokalaren jabe den BBKren eta Gorabide elkartearen arteko hitzarmenak ahalbidetu du instalazioak goitik behera berriztatu eta ekipatzea.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun