Euskal Jaia ospatuko dute bihar Gorlizen eta Plentzian

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2004ko mai. 20a, 23:05

Euskal kultura ezagutzera eman eta euskararen erabilera sustatzeko asmoz, Euskal Jaia antolatu dute, ostiral honetan, bi herrietan, Gorliz eta Plentziako udalek. Horrela, ekitaldi ugariz beteriko egitaraua prestatu dute biharko. Besteak beste, euskara, kultura eta kirol arloko zaletuak bilduko dituen herri afaria nabarmendu dute antolatzaileek. Kakarraldo Rugby Taldeko txokoan izango da aipatutako ekitaldia.

Ekitaldien egitaraua 11:00ak aldera hasiko da Gorlizen, pregoi irakurketarekin. Ondoren, kalejira egingo dute herriko kaleetan zehar, eta 14:00etan antzerki ikuskizun bat antolatu dute bertako frontoian.

Plentzian, herri kirolen erakustaldia izango da 17:30ean hasita, Untziola Plazan. Bi ordu geroago, pantaila bat jarriko dute Angel Cuerdoren "Zambeze Ibai Sakratua" izenburuko dokumentala ikusteko.

Euskal Jaiari, 22:00etatik aurrera, Kakarraldo Rugby Taldeak antolaturiko afari herrikoiarekin emango zaio bukaera. Bertan parte hartu nahi duenak 12 euro jarri beharko ditu (9 euro ikasle edo langabetuek) eta barazkijaleentzat ere egongo da menua.


Ikusi egitaraua agendan
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun