Ildo estrategiko nagusi horietako bat, hain zuzen ere, udalerriko giza-baliabideak eta enpresen sarea egokitzea izango da. Iñaki Zarraoa alkateak, prentsaurrekoan azaldu duenez, "langabetuen moldagarritasuna hobetzen saiatuko gara -2.800 bat lagunekin jardungo gara-, baita lanean dihardurten beharginen (1.800 lagun), eta enpresekin ere (120 udalerrian)".
2004-2007 Enpleguari buruzko Plan Estrategikoaren bidez, gainera, enpresen jarduera berri bat eta kalitateko enplegua sortzea bilatzen dute. Horretarako, Getxoko lurraldeko eta bertoko pertsonen gaitasunak garatu nahi dituzte. Ekintzaileen izaera, enpresen aukera berriak eta enpresa berriak sortzea sustatuko dute.
Plan estrategikoaren hirugarren ildoaren haritik, Getxoko eta inguruetako gizarte eta ekonomia arloko eragile ezberdinen arteko elkarreragina sustatuko dute, baita udalerriko arlo ezberdinen artekoa ere, enplegua eta jarduera ekonomikoa bultzatzeko helburuarekin. Udalerriko, udalerritik kanpoko eta sailen arteko lan sareen bidezko elkarlana ere sustatuko dute.
2004-2007 Enpleguari buruzko Planaren zeharkako estrategien oinarriei dagokienean, Iñaki Zarraoak aurreratu du "lan munduan sartzeko zailtasunak dituzten kolektiboen bardintasun aukerak bermatzen ahaleginduko dira; plan berrian teknologia berriak sartu eta ezartzen; Planaren ekimen guztietara kalitate erizpideak biltzen eta gainontzeko udal arloekiko koordinazio plana garatzen".
12 lagunek osatutako lantaldea
Plan hau Getxoko Behargintza Enplegu eta Garapen Ekonomikorako Zentrotik abiatuko dute 12 pertsonek osatutako taldearen lanari esker.
Zuzendaritza eta koordinazio taldeaz gain, aditu batzuek informazioa, harrera-zerbitzua eta orientazioa eskainiko dizkiete langabezian dauden pertsonei. Beste talde batek behargin izateko heziketa eta informazioa emango du, eta hirugarren talde bat, azkenik, enpresarekin lotutako ekimen berriak martxan jartzeko jarduerez arduratuko da.
Getxoko Gobernu Batzordeak ez du ahaztu, gainera, etorkizunean Elexaldeko Hormaza biribilgunearen aurrean aurreikusita dagoen enplegu eta enpresen parke berria. Izan ere, proiektu horretan hiru milioi euro inguruko inbertsioa egingo dute.