Udal hauteskundeen urteurrenean, ez ohiko batzarra eskatu du Getxo Biziak

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2004ko mai. 20a, 23:48
Maiatzaren 25ean urtebete egingo du azken udal hauteskundeak izan zirenetik. Hori dela eta, datorren asteazkenean, Ez Ohiko Udal Batzarra deitzeko eskakizuna egin dio Iñaki Zarraoa alkateari Getxo Bizia plataformak, eta bertan irakurri, eztabaidatu eta onartzeko mozioa aurkeztu du. Izan ere, ezker abertzaleko kideen hitzetan, hauteskundeez geroztik, "herritarren borondateari muzin eta trufa eginez, eskubideak ukatu zaizkie herri plataformetako hautetsiei".
Getxo Biziak "dagozkion eskubideak" aldarrikatzen ditu eta, besteak beste, bere hautetsi Pili Askorbebeitiari "dagokion zinegotzi postua legez emateko" proposamen zehatza egiten du. "Ezker Batuak lapurtu duen postuari uko egin eta bere esku dago hauteskundeen emaitzak aintzat hartuz Getxo Biziaren ordezkaria izendatzea", adierazi dute.

Honako puntu hauek aurkeztu dizkio Osoko Udal Batzarrari bertan eztabaidatuak eta onartuak izan daitezen:

1. Udal honek, tristuraz gogoratu eta ozenki salatzen du, duela urtebete Madrilek gure herriaren eta herritarren eskubide politikoak urratzeko egindako saiakera. Zoritxarrez, ez lehena eta azkenekoa ere izan ez dena.

2. Udal honek, herritar oro eskubide zibil eta politiko guztien subjektu dela aldarrikatzen du. Era berean, Euskal Herritar orori dagokigu gure herriaren etorkizuna erabakitzea, eta hori lortzeko eta benetako demokrazia bat lortzeko alderdi politiko, sindikatu, gizarte eragile eta instituzio guztiei elkarrizketa eta konponketarako konpromisoa eskatzen die. Udal honek, herritarren hitzaren eta borondatearen gainetik dagoen inongo legalitaterik ez du onartzen.

3. Udal honek, Getxo Bizia herri plataforma, beste edozein alderdi politiko bezala, eragile eta mintzakide politiko gisa onartzen du, eta iazko maiatzaren 25eko udal hauteskundeetan plataforma honek izan zituen emaitzak errespetatu eta onartzeko konpromezua hartzen du. Hori horrela izan dadin, udal honek 5/1985 LOREGaren 182. artikuluan jasotzen den formula aplikatuko du, herritarrek aukeraturiko zinegotziek eskubide osoz kargua bereganatu dezaten.

4. Plataforma honen eskubide gabetzearen baitan sortu den egoeraren aurrean protesta egiteko datorren maiatzaren 25ean egingo diren mobilizazioetan parte hartzeko deia luzatu nahi die udal honek herritarrei.


Irakurri:

Apartheid politikoa urtebete beranduago - Getxo Bizia
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun