Astrabuduan 8.000 metro koadro lur erosiko dituzte futbol zelaiak egiteko

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2004ko mai. 24a, 23:54

Astrabuduan bi futbol zelai egiteko, Erandioko Udal Batzordeak lursailen jabeekin lortutako akordioa begi onez ikusi du udalerriko Hirigintza Arloak. Horrela, kirol instalazio berriak jarriko dituzten orubeen hamar jabeei 7.866,20 metro koadro lur erosteko erabakiari bidea emango zaio datorren ostiralean egingo den udalbatzarran.

Erandioko Udaleko iturriek gaur jakinarazi dutenez, hainbat burokrazia tramite konpondu ostean, zuzeneko erosketa egiteari eta lanak enkante bidez emateari ekingo dio udal administrazioak.

Horrela, lursailetako jabeekin akordiorik ez zegoelako, obren etengabeko atzerapenak zirela eta, Astrabuduako auzotarren artean sortutako ezinegonari irtenbidea eman eta Hirigintza Arloak urtean zehar instalazio berriak egiten hasteko konpromizuari bidea eman diote. Izan ere, ugariak izan dira, orain arteko instalazioak zaharkituegiak daudelako, erabiltzaileen eta Astrabuduko Futbol Taldeko arduradunen kritikak. Besteak beste, fedezioan izena emandako 200 jokalari inguru dauzka klubak. Kultura eta kirol arloetan, adierazgarria da taldeak Erandioko auzo horretan egindako lana.

Astrabudukoko arduradunen babesa

Egitasmo berriak Astrabudukoko arduradunen babesa jaso du, bera erredaktatzen eta ideiak ematen lagundu baitute. Besteak beste, azken belaunaldiko belar artifizialez egindako futbol zelaia jartzea aurrikusten da, 104 x 65 metrotakoa. Eta beste txikiago bat, 50 x 27 metrotakoa. Federazioan izena emandako Astrabudukoko taldeez gain, auzotarrek ere erabili ahal izango dituzte biak. Horretaz gain, estaliriko harmaila eraikiko dute, 642 lagunentzat. Eta horrenpean, jokalarientzako zortzi aldagela, masaje gela bi, arbitroentzako beste aldagela bat eta biltokia egongo dira. Azkenik, batzargela, taberna eta komun publikoak izango dituen beste eraikin txiki bat ere egingo dute.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun