Portugaletik eta Frantziatik etorritako artisauak egongo dira Getxoko azokan

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2004ko mai. 25a, 22:42

"Getxo azokaz azoka" kanpainaren barruan, 113 artisauk parte hartuko dute, maiatzaren 28tik 30era, Getxoko XXI. Eskulangintza Azokan. Hauetatik 99k Areetako geltokiko enparantzan dagoen 2.500 metro koadroko karpapean erakutsiko dituzte euren lanak, eta beste 14ak Ibaiondo kalean kokatutako gastronomia gunean izango dira. Horrela bada, hiru egunetan zehar "eskulangintza zale guztiak ezin izango dira Getxora joan barik geratu", udalerriko kultur arduradunek adierazi dutenez. Izan ere, Euskal Herri osoko eskulangintza azokarik "handiena" da bertakoa. Goizez, 11:00etatik 14:30era, eta arratsaldez, 17:00etatik 21:00etara egongo da zabalik. Sarrera 2.50 eurokoa da.

Azokan hainbat motatako eskulanak egongo dira ikusgai: egurrez, beiraz, larruz, metalez, harriz edo paperez egindako artikuluak, bitxigintza, galdaragintzako artikuluak... Ez ditugu ahaztu behar, ordea, eskulangintzan hain ohikoak ez diren beste arlo batzuk ere, kandelagintza eta arrain azala, besteak beste. Guztira, 24 izango dira Getxon ikusi ahal izango diren eskulangintza arloak.

Kultur Etxeko arduradunek adierazi dutenez, kontu handiz aukeratuak izan dira eskulangintza azokan parte hartuko duten artisauak. Hori dela eta, "aniztasun handiko azoka" dugu aurtengoa. Euskal Herria osotik etorritako eskulangileez gain, Girona, Bartzelona, Teruel, Cuenca, Zaragoza, Murtzia, Guadalajara, Valentzia, Avila, Toledo, A Coruña, Huelva eta beste hainbat eta hainbat tokitatik etorritakoak ere egongo dira bertan. Gainera, aurten, Portugaletik eta Frantziatik etorritako artisauek parte hartuko dute azokan.

"Horren guztiaren bidez, bilatzen ari direna lor dezakete azoka ikustera doazenek, eskulangintzako produktuek daukaten berme eta erakargarritasunarekin", nabarmendu dute antolatzaileek. Horrela, kalitate handiko produktuak lortu ahal izango dituzte azokara doazenek, bai eskuz eginda daudelako, baita egiteko erabili diren materialak kalitate handikoak direlako ere. Produktu hauek gainera bakarrak dira, ez dituzte bi produktu berdin inon aurkituko.

Bi sari emango dira

Bi sari eman ohi da beri Getxoko eskulangintza azokan. Alde batetik, eskulangileen lana kontutan hartzen duena eta bestetik produktuak aurkezteko duten modua saritzekoa. "Diseinu eta stand-en inguruko lehiaketak dira eta euretan islatzen da urtez-urte produktuen kalitatea eta euren postuen aurkezpena eta apaindura hobetzeko eskulangileek egiten duten ahalegina", azaldu dute kultur arduradunek. Horrekin batera, urtero erosleen artean egiten den zozketa ere egongo da aurten: zerbait erosten duten bisitarien artean eskulangintza produktuak zozketatuko dira.

Horretaz gain, parte hartuko duten eskulangileei buruzko informazioarekin hamar mila katalogo argitaratuko dira, ondoren, erosleak haiekin harremanetan jar daitezen eta erosle eta saltzailearen arteko harremanak azokatik kanpo ere jarrai dezan.

Besteak beste, Bizkaiko Foru Aldundiko Berrikuntza eta Ekonomi Sustapen Saila, Bilbao Bizkaia Kutxa eta Bilboko Metroa dira laguntzaileak.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun