Josu Jon Imaz EAJko EBBko lehendakariak eta CiU eta BNGrekin batera Galeusca koalizioan aurkeztuko diren EAJko Europako Parlamenturako hautagaiek Bizkaiko hiriburuko Sabin Etxean hasiko dute kanpaina 23:30ean.
EAEko PPk ere Bilbo aukeratu du hauteskunde europarrei hasiera emateko, eta ekitaldi bat egingo dute Indautxu hotelean, 22:30etan, Carlos Iturgaiz alderdiko lehendakariarekin eta beste kargu popular batzurekin.
Bilboko Campo Volantín Pasealekuan hasiko du bere kanpaina EB-IU. Javier Madrazo koordinatzaile nagusiak eta Isabel López Aulestia Europako Parlamenturako hautagaiak itsatsiko dute alderdiaren lehen kartela, gauerdian.
Bestalde, PSE-EEk Donostia aukeratu du bere ekitaldi nagusia egiteko. Alderdiko idazkari nagusi Patxi López-ek eta presidente Jesus Egigurenek afari-mitina eskainiko dute Amara hotelean Barbara Durkhop hautagaiarekin batera, eta alderdiko Exekutibako kideen, militanteen eta jarraitzaileen partaidetzarekin. Lehenengo mezuak 2300etan egingo dituzte.
EAko presidente Begoña Errazti Badalonara joango da, Herrien Europa hautagaitzak La Penya pabiloian 21:30ean egingo duen ekitaldian parte hartzeko. Bertan izango dira Josep Lluis Carod-Rovira (ERC), Bixen Fuster (CHA) eta Pedro pacheco (PSA). EAKo hautagai Mikel Irujok Iruñeako Alkartetxean jarriko du lehen kartela gauerdian.
Aralarrek Euskal Autonomia Erkidegoko hiru hiriburuetan eta Iruñean itsatsiko ditu kartelak. Hala ere, Nafarroako hiriburuan egingo ditu adierazpenak Patxi Zabaleta alderdiko koordinatzaileak.
Azkenik, Herritzarren Zerrendak ekitaldi politikoa egingo du Hendaian, eta bertan hitz egingo du Marije Fullaondo hautagaitzako buruak, zerrendako kideekin batera.