Euskal Herriko artistez gain, Mexiko, Mallorca, Kantabria, Errioxa, Asturias, Galizia, Katalunia, Andaluzia, Kolonbia, Belgika, Argentina eta Murtzia bezalako tokietako artistak bilduko dira Getxon.
Aurreko urteetan legez, Getxon, toki guztietako artistek euren lanak stand batean erakutsiko dituzte. Getxoarte proposamenik gazteenen erakusleihoa da, orain arte anonimoak izan diren baina etorkizunerako proiekzioa daukaten artista berrientzat.
Publikoarentzako, eta arte plastiko eta bisualetako artistentzako, behatoki ezin hobea da, proposamen berriak ezagutzeko oso aproposa. Margolanak, eskulturak, argazkiak, bideoa, marrazkiak, grabatua, estetika erlazionaleko lanak, ekintzak eta performanceak oso ikuspegi erakargarria dira azokora doazenentzat.
Gainera, topaketa honen beste ezaugarri garrantzitsua artelana erakusteko esperientzia praktikoa izatea da, artista askorentzat euren jendaurreko lehen erakusketa izanik. Modu natural eta profesionalean, inolako oztoporik gabe, parte hartzaileek interesa daukaten ikusleekin hitz egin dezakete.
Getxoarten modu guztietako aukerak biltzen dira, proiekturik pertsonaletatik proiektu kolektiboetaraino. Gaur egungo euskal arte produkzioaren oraina eta etorkizuna da. Artearen kronika bizia den aldetik, erakusketak parte hartzaile guztien ilusioa eta energia transmititzeko ahalegina egiten du.