Euskal Herriko 16 talde bihar abiatuko den Leioako Umore Azokan

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2004ko mai. 26a, 23:52

(Argazkia: La Ressistens taldea)

Orain dela bost urte Umore Azoka sortu zenetik, hainbat izan dira Leioako kaleetan euren antzezlanak eskaini dituzte euskal taldeak. Izan ere, ordutik hona, Euskal Herrian egiten den kale antzerkia erakustea eta bultzatzea izan da antolatzaileen helburuetako bat. Aurten ere, bertan arituko diren 46 konpainietatik 16 dira Euskal Herrikoak, eta hemezortzi ikuskizun aurkeztuko dituzte. Gainera, talde horietatik seik euren antzezlanik berrienak eskainiko dituzte, maiatzaren 27a eta 30a bitartean.

Besteak beste, Golokak "Hau mundu eroa!" aurkeztuko du, Organik taldeak "ES3IN obra", La Ressistensek "Bräkala", Kapikua talde berriak "Circo Kapikua", Trapu Zaharrak "El pisito" izenburuko obra eta Hortzmugak "12K" ikuskizuna. Horiez gain, beste euskal konpainia batzuk ariko dira Leioako Umore Azokan. Gaitzerdi, Simulacro, Kalez Kale, Xabi Larrea, Ideas y medios, 96 Unicornios, Latirili, Zirko Ttipia eta Maskarada de Lamiako taldeek beste hainbat tokitan harrera ona izaniko lanak erakutsiko dituzte.

Ondoko hauek dira Leioako Umore Azokan lehen aldikoz ikusi ahalko diren ikuskizunak:

La Ressistens: "Brakala"
(maiatzaren 26an, 18:00etan, Sabino Arana kalean)

Azken herri nomadak, zibilizazioko behartsuenek, asfaltoaren seme-alabek, bizia emanda dute "munduan euren lekua" aurkitzeko.

Eta horrela abiatu dira planetako hiri, herri eta txokorik ezkutuenetan barna.

Bräkala toki batera heltzen denean, alaitasuna eta bizia eurekin heltzen da. Biziz lehertzen ibiltzen dira hirian zehar, zoko bila, kale grisak hartuta, euren jantzi hautsez beteak kamuflaje gisa erabiliz, eta bertakoei euren energia kutsatuz.
Eta horrela agertu dira Jojo, Susi, Bebe, Yasa, Roque, Iaio eta Ñaña. Isiltasunetik etorri dira zalaparta sortzeko, zorabioak hartu arte dantzan egiteko, sos batzuk irabazteko, ilunabarrak asebeterik hartu arte... baina beti adi, erne, edozein ezusteko gertatzen dela ere... eta azkar batean batu, agur esan eta berriro hasi... bihar beste leku batera, beste norabait.

Hortzmuga: "12 K"
(Maiatzaren 28an, 20:00etan, Sabino Arana kalean)

12K kale antzerkiko ikuskizun ibiltaria da, kalejira bat. Mota guztietako ikusle eta esparruetara moldatzen den ikuskizuna.
Inauterien sustraietatik eta errege eta bufoien harremanetik sortzen den proiektua da. Proposatzen dugun jai honetan naturaren eta hierarkien arauei buelta ematen zaie, askatasuna zoramen eta iskanbila gisa agertzen da, kalea hatu eta eraldatu egiten da.

Bufoien pazientziak gainezka egin du, eta mendekua hartzea erabaki dute.

12 kanpai-hotsek jotzean denak hilko dira... barrez lehertuta!!!

Trapu Zaharra: "El pisito"
(Maiatzaren 28an, 21:00etan, Euskal Etxeen plazan)
(Maiatzaren 29an, 20:00etan, Bulevar Bn)

Euren bikoteengandik banandutako bi gizonek roulotte bat konpartitu behar dute arrazoi ekonomikoak direla-eta. Sei hilabeteko zorrak metatu dituztenean, campingeko ugazabak kale gorrian utzi ditu. Protesta baten istorioa dugu hau, hiriko naufrago biren istorioa.

Goloka: "Hau mundu eroa!!!"
(Maiatzak 29, 13:00etan, Euskal Etxeen plazan)

Udaro gasolindegiak kotxez eta furgonetaz betetzen dira. Lan handia dago, klaxonaren zaratak, automobilen burrunbak, jendearen algarak eta udaro bezala Afrikara abiatzen diren furgonetak, gauzez , animaliz eta jendez beteta. "Bakarrik"en furgoneta holakoa da eta hainbeste seme-alabeen artean, ahaztuta geratzen da gasolindegian. Patxi, gasolindegiko gizona, ume bat galduta ikustean, harrituta gelditzen da. Patxik bere buruari gurasoak topatzeko zer egin galdetzen dio.Bitartean mundu ero honetan bizitzak jarraitzen du eta gasolindegian gauza arraroak eta dibertigarriak gertatzen dira. Noiz arte gelditu beharko da "Bakarrik" gasolindegian ? Zer egingo du Patxik arazoa konpontzeko? Lortuko dute gurasoak topatzea?...

Organik: "ES3IN"
(Maiatzaren 29an, 13:30ean, Ikea Barri plazan)

Kontrasteak, energia aldaketak, dinamika-nahasteak, musikagile izateaz gain interpretatzaile ere direnengandik datorren soinuarekin bat egiteko. Benetako egoerak eta ametsezkoak leku berean. Eta, hori bai, ironia ez da faltako; izan ere, umorea galduz gero, pertsonaia azeleratu horienak egin du mundu estresagarri horretan...

Kapikua: "Circo Kapikua"
(Maiatzaren 29an, 19:30ean, Sabino Arana kalean)
(Maiatzaren 30ean, 12:30ean, San Bartolomen)

Circo Kapikua zirku-kalejira komikoa da. Modu entretenigarri eta atseginean malabarismo eta akrobaziazko abilezia teknikoak erakusten ditu. Mazo, diabolo eta akrobazia saioak ikusleen gozagarri izango dira, hori guztia zuzeneko musikak lagunduta.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun