UPV-EHUtik aurrera begira - Iñaki Antiguedad / EHUko errektoregai izandakoa

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2004ko mai. 26a, 23:55

Bihar Juan Ignacio Perez errektore berriaren agintaldiko lehenengo klaustroa egin eta UPV-EHUko Gobernu Kontseilua berriztatuko da. Honen harira gogoratu nahi dut errektoretzarako gure hautagaitza jendaurrean aurkeztu genuenean argi azaldu genuela gure erronka zein zen: unibertsitate honek iraganetik itsatsita zekarren inertziari, egunerokoan arlo askotan nabari den inertziari, astindu gozoa nahi genion eman, irakaskuntza-sistemaren erakunde gorenaren orain arteko norabidea ardatz estrategiko berri baten bidean ipintzeko erreferente unibertsitarioa sortuz. Hau da, unibertsitatea, oro har hartuta baina UPV-EHU hau berau ere, zer esanik ez, barnera zein kanpora begira ulertzeko mugarri berriak jartzen nahi genuen hasi, geroaren abiapuntu. Horretara zetorren gure leloa kanpainan: Bestelako unibertsitatea posiblea da. Euskal Herriko Unibertsitatea Izenetik Izanera.

Halako hauteskunde-kanpaina batek bere horretan berez dakarren eztabaida publikoan nahi izan genuen modu zuzenean esku hartu, eztabaidan esku hartu eta berau baldintzatu ere, erakunde goren honetan horretaz eta hartaz eztabaidatzeko izan ohi den aukera urrea baino urriagoa izanda guk ordezkatu ditugun sektoreen sentsibilitateak kaleratzeko une aproposa zelakoan. Kanpaina baliatu dugu unibertsitateko ikasle euskaltzale eta soberanista modura guretzat funtsezkoa dena azaltzeko: Ez dugu nahi unibertsitate hau probintzia bateko unibertsitate gisa jasotzea heltzear den Europako Unibertsitate-Esparru Bateratuan. Unibertsitate hau, euskal lurraldeetan diren beste unibertsi- tateekin batera, lehia jatorrean, sare eraginkor batean uztarturik Euskal Herriaren goi-mailako unibertsitate-sistema modura kokatzea nahi dugu, kalitatezko hezkuntza, ikerkuntza eta zerbitzuak emateko, Euskal Herriaren barnera zein kanpora eman eta zabal egiteko, publikotik publikora autonomiaz bideratuta egonik, unibertsitatea egunez egun egiten dugun guztion esku-hartzeaz kudeatua izanik, eleaniztasunaren barruan euskara ezinbesteko ardatz hartuko duena, inguruko gizartean uztartua eta arlo askotan horren erreferente izango dena. Esandakoari beste hainbat gehitu dakioke baina bat bera ere ez kendu. Horrela sentitzen dugu eta horrela dugu esan. Honen harira nahi izan dugu unibertsitate ikasleok bildu, botoetatik harago, gerora begira sektore eraginkorra gorpuzteko UPV-EHU honetan, unibertsitate politika egiteko, urrats berrien euskarri.

Horiek horrela, jende askorentzat, eta gutariko batzuentzat ere berdin, benetako ezustea lehenengo bueltan jazo zen, zazpi hautagaien artean boto absolutuetan aurrenak eta boto haztatuan, ponderatuan, bigarren geratu ginela. Are gehiago, boto haztatuan aurrenak izan ginen Gipuzkoako campusean. Esana genuen gau hartan: irabazi egin dugu jada; ulertzekoa da. Aipagarria da unibertsitatetik kanpoko sektore askok ere garaipen modura sentitu izana lehenengo itzuliaren emaitza; herri honen burujabetzaren bidean garaipenetan urri gauden seinale, seguruenik.

Bigarren itzulian aterako zen lau urterako behin betiko argazkia. Juan Ignacio Perez inolako zalantzarik gabe nagusitu arren gure hautagaitzak 7.143 boto lortu zituen, horietatik 6.306 ikasleenak eta gainerakoak, 837, irakasle eta langileenak. Benetan argazki polita izan zela diogu harro, harrokeriarik gabe; botoetan ikasleen erdia baino gehiago gure mezuari lotu zitzaion eta irakasle-langileen heren batek ere apustua egin zuen guk aurkeztutako programaren alde. Zimentarri ederra gerora begira lagun horiek uztartzen asmatuko bagenu.

UPV-EHU hau ez da soziologikoan aldatu egun batetik bestera. Urtarrilekoa eta maiatzekoa erakunde berak dira. 2006koa zer izango da? Emaitzek agertua benetako aldaketa baten isla den ala ez den denborak argituko du; azken finean prozesu bat da aldaketa, ez jausi bat. Eta prozesua da guretzat funtsa, norabide-aldaketa batek behar duen etengabeko prozesua. Gure hautagaitzak lortu atxikimenduak, boto bat unibertsitate ikasle bat, zimentarri ederra dira eguneroko unibertsitate bide horretan. Ez da nahikoa UPV-EHUren egoera salatzea, horrekin batera campusez campus proposamenak egin eta aldaketak sorrarazteko gaitasuna ere erakutsi behar dugu. Euskal Unibertsitatea aldarrikatzea eta Euskal Herriko Unibertsitate Sistema aldarrikatzea ezin dira, inolaz ere, aldarrikapen kontrajarri modura ikusi; osagarri egin behar ditugu horiek. Eta UPV-EHU honetan, egun Euskal Herrian den unibertsitate handiena eta baliabide gehienekoa izanda, bada zer egin eta zer gauzatu, egunez egun eta campusik campus. Osagarritasunean egin ere. Emaitzak emaitza arrazoi gehiago horretarako. Hortaz, hasieran hautagaitza baten inguruan sortutako ekimena, sare edota foro egonkor eta eraginkor bihurtu beharra dugu.

UPV-EHU ziklo baten amaierako atarian egon daiteke. Neurri handi batean eskuan dugu hori, gure programari atxikitako ikasle, irakasle eta langileek, nork bere lekutik, unibertsitate jarduera proiektu komunak aurrera ateratzera bideratuta. Ziklo berri baten atarian egon gintezke errektore talde berriak, inor zokoratu gabe, apustua egingo balu unibertsitate hau Euskal Herriaren interesen arabera kokatzeko Europan, eta ez, orain arte bezala, behin eta berriz Espainiako probintzian. Ziklo berri hori gauzatzeko gure elkarlana eskaintzen dugu, hitzez eta eginez.

Hainbat ekimenek behar besteko denbora eskatzen badu ere, eta edozein agintariri ehun eguneko epea eman behar bazaio ere, oinarrizko eskubide demokratikoen kontuan hasiera-hasieratik behar du Uni- bertsitatearen jarrerak argia izan, eskubide guztietan. Ildo honetatik bada garaia, ezin hobea gainera, Leioako campuseko "ateko" lagunen zauri historikoa sendatze bidean jartzeko. Ikasle presoen kasuan are gehiago, arriskuan jartzen baita horien ibilbide akademikoa. Hortaz, gure hautagaitzatik zuzendaritza talde berriari eskatzen diogu behar diren neurriak hartu ditzala, berandu baino lehen, preso dauden ikasleek da- torren ikasturtean UPV-EHUn matrikula egiteko modua izan dezaten.

Argi dago guretzat zein diren ildo nagusiak. Hasteko, UPV-EHUn ezin da inor utzi euskarazko zerbitzurik gabe. Izan ere, unibertsitateko kide guztientzako eskubide demokratikoen eredu eta eragile behar du izan Unibertsitateak, barrura zein kanpora begira. Genero-politika irmoa bultzatu behar du barrutik. Ikasleen eskubideak eta protagonismoa indartu behar ditu egunerokoan. Kalitatezko unibertsitateak langile guztien lan baldintza duinetan izan behar du oinarria, eta horretarako irakasle ez egonkorren egoera lan kontratu iraunkorrekin konpondu eta soldata diskriminazioa gainditzea funtsez- koak dira. Horretarako dugu eskua zabalik.


Gara egunkarian 2004ko maiatzaren 26an argitaratutako iritzi artikulua

Ikusi:
http://www.gara.net
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun