Esaterako, Portugaleteko PP ta PSE ko zinegotzientzat garrantzi berbera dute euskara eta lituaniera. Ez dut uste lituanieraren tradizioa handiegia denik Euskal Herrian, baina konstituzionalistek uste dute, euskaraz idatzitako egunkari bat erosteko, EBn ofizialak diren beste hizkuntza guztietan idazten diren egunkariak erosi beharko genituzke. Aldiz, Abc egunkari ultraeskuindarraren hainbat ale erosten dituzte, guztia gazteleraz idatzia dagoelarik (ez al da gaztelania ofiziala EBn?)eta, aipatzearren, irakurle kopuru eskasa duen egunkaria delarik.
Beraz, argi dago konstituzionalistek eta Konstituzioa berak ez dutela euskara bermatzen. Euskal enpresariek eta agintariek ere zeresan handia dute arlo honetan; adibidez, jada ez goaz Erakusketa azokara, orain Bilbao Exhibition Centre-ra goaz, ez goaz Eroski normal batetara, orain goaz Eroski City ala Eroski Center batetara e.a. Modernagoa ezta? (barkatu, fashionagoa esan nahi nuen). Enpresarioen aberri bakarra, dirua.
Zorionez, oraindik hartzen dira euskara suspertzen ahalegintzen diren neurriak. Uribe Kostako udalerriek euskara hutsez jartzen ari dira seinale guztiak, euskaraz ez dakitenei gutxienez zeozer ikastera behartzen. Neurri hauen ondorioak guztiz positiboak izan arren, egoera kuriosoak suerta daitezke; beste egunean koitau batek Calle Ibilbideagaitik galdetu zidan. Zaila egin zitzaidan azaltzea!
Konstituzioa, konstituzionalistak, botere ekonomikoaren jabeak.. euskarari eraso egiten diete etengabe. Euskararen etorkizuna bermatu behar degunak herritar arruntak gara, egunero erabiliz, lotsarik gabe, ez dakitenei ikastera behartzen. Jakin dezaten behingoz, euskara Euskal Herrian lituaniera baino garrantzi, tradizio ta erabilera handiagoa duela!