Lamiakoko dantza taldearekin batera jaio zen 1978an maskarada. Ordutik hona, Euskal Herriko mitologiaren antzezpena egiten dute, urtetik urtera, maiatzaren azken ostiralean. Alde batetik, jentil mitologiaren eta inposatutako kristautasunaren arteko borroka uztartzen dute. Eta bestetik, auzoari berari izena ematen dion Lamiaren istorioa.
Izan ere, hiru atal ditu ikuskizunak. Lehenengo biak arratsaldean egiten dira, 17:30etik aurrera. Gaztelubide kaletik abiatuta, herrian zehar egiten den kalejiran, beste pertsonaia batzuk bilduko dituzte, dantzen bitartez, Marik eta Sugarrek. Hirugarren zatian, berriz, suaren inguruan dantzatuko dute herrian bildutako pertsonaia guztiek, 22:30ean Lamiakoko Kultur Aretoaren aurrean egingo den gaueko akelarre handian.
Horretaz gain, dantza taldearen 25. urteurrena ospatzeko, diapositiba emanaldia antolatu dute, bihar bertan, gaueko hamarretatik aurrera.
Lamiaren kondaira
Prudentzia alargunaren semea marinela zen. Urrunean itsasontziren bat ikusten zuenean, semea etorriko zen esperantzaz Ondizen zuen etxetik Abra ingurura jaisten zen. Halako batean, betiko legez, semea agertu ez eta tristuraz beteta etxerako bidean hil egin zen. Kondairak dioenez, Lamia bihurtu zen.