Xehetasun-azterketa berria egingo dute Santa Eugenian etxebizitzak eraikitzeko

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2004ko mai. 27a, 23:27

Nahiz eta udalbatzak onartu, auzotarrek eta PSE-EEk errekurtsoa aurkeztu zuten epaitegian hasierako txostena bertan behera uzteko

Erromoko Santa Eugenia kalean babes ofizialeko etxebizitzak eraiki ahal izateko, xehetasun-azterketa berria egitea adostu dute Getxoko Udalak eta Eusko Jaurlaritzak. Izan ere, joan den astean, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu zuen Bilboko epaitegian, hainbat auzotarrekin batera, Getxoko PSE-EEk, lehendabiziko xehetasun-azterketa bertan behera uzteko eskatuz. Sozialistek adierazi zutenez, Ibai eta Erreken Sektore Planaren aurka joz, etxeak Gobelatik 10 metro baino gutxiagoko tartean egin zitezkeen, hasierako txostenaren arabera. Orain, berriz, Uren Zuzendaritzak finkatutakoaren (10 metro) eta lehenengo xehetasun azterketan zehaztutakoaren (5 metro) artean, "erdibideko neurria" hartzea erabaki du Udalak; 6,30 metroko tartea errespetatuko da.

Arazoari "konponbide irudimentsua" emateko Getxoko Gobernu Batzordeak egindako ahalegina azpimarratu du gaur Iñaki Urkiza Udal Hirigintza arloko zinegotziak, "Eusko Jaurlaritzak babes ofizialeko etxebizitzak eraiki ahal izango baititu, gazteei eta baliabide gutxi dauzkatenei aukerak emanez". Bai Urkizak, bai Iñaki Zarraoa alkateak, euren poza agertu dute "epaile batek emango duelako azken erabakia auzi honen gainean".

Hitzarmenaren arabera, Santa Eugenia kaleko orubean 77 bat etxebizitza -hasiera batean aurreikusitakoak baino 5 bat gutxiago- egiteko xehetasun-azterketa berria prestatzeko lehiaketa deituko du horren ardura duen Visesa enpresa publikoak. Urkizak azpimarratu duenez, "txosten berriak errekaren eta etxeen artean 6,30 metroko tartea errespetatu beharko du, Ureen Zuzendaritzak finkatutako 10 metroak eta Udalak, hasierako xehetasun-azterketak legea betetzen zuenaren usteari jarraiki, ezarritako 5 metroen arteko neurria hartuz".

Hain zuzen ere, nahiz eta osoko bilkuran onartu egin zen, hasierako txostenean Ibai eta Erreken Sektore Planak zehaztutakoa ez zelako betetzen, aurkeztu zuten maiatzaren 21ean errekurtsoa Ibaigane kaleko 3 eta 13 zenbakien arteko auzotarrek eta Getxoko PSE-EEk. Eurek aurkeztutako "alegazioei muzin egitea" egotzi zion alkateari Luis Almansa sozialisten bozeramaleak. Horretaz gain, "Udal Arautegia bete ez izana" egotzi zion Zarraoari, elkarrizketaren bidez konponbidea bilatzeko Bozeramaleen Batzarra deitu ez zuelako.

Epailearen erabakiak eraginik ez du izango Udalaren hitzetan

Edozelan ere, Urkizaren hitzetan, epailaren erabakiak ez du inolako eraginik izango Visesak deitutako lehiaketatik atera eta aurrekoa ordezkatuko duen xehetasun-azterketa berriarengan. Zentzu honetan, zinegotziak azpimarratu duenez, "Areetako erdigunean, udalerriko tokirik onenetakoan, babes ofizialeko etxebizitzak egongo direla da gauzarik garrantzitsuena".

Gune horretan, udal eraikin bat ere jasotzen dute Hirigintza egitasmoek. Behin, kalitate berdinekoak izango diren babes ofizialeko etxebizitzen diseinua ezagutzen denean finkatuko dira horren ezaugarri nagusiak, Urkizak zehaztu duenez.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun