Ibilaldia, azken txanpa - Xabier Ugalde / Ander Deuna ikastolako zuzendaria

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2004ko mai. 27a, 23:31

Duela 12 hilabete Lekeition hartu genuen Ibilaldiaren lekukoa Ander Deuna eta Betiko ikastolek eta datorren domekan, maiatzak 30, urte bateko ibilbideari emango diogu amaiera. 12 hilabete intentsu oso. Alkarregaz ekin diogu, elkarrengandik ikasi dugu, hainbat une konpartitu eta hainbat asmo eta ilusio jarri dugu ekimen horretan bi ikastoletako komunitateek.

Urtean zehar hainbat izan dira antolatutako ekitaldiak, euskararen erabilera sustatuz, euskal kultura gure ingurura hurbilduz, hamaika euskal artistekin elkar lana bultzatuz. Hainbat izan dira, era batez edo bestez, lagundu digutenak aurtengo ibilaldiaren edizioa gauzatzen: Sopelana eta Leioako Udalek, Bizkaiko Foru Aldundiak, euskararen alde ari diren gizarte ekimenek, enpresa handi eta txikiek, artistek, norbanakoek... modu desinteresatuan euren laguntza eta ekarpena eskaini digutenak. Antolatzaileok hezkuntza arloan ari gara lanean eta edozein hezkuntza proiektuk denon erantzukizun eta konpromisoa eskatzen du, ibilaldia aurrera ateratzen eta antolatzen hainbat lagunek erakutsi modukoa.

Eta zer esanik ez, ibilbide horretan ikastolen proiektuak egun ere zentzu osoa duela berretsi dugu. Beharrak sortu zituen ikastolak eta urte hauetako lanak eta emaitzek beharrezko egin gaituzte. Ikastolen proiektuan ikasleak dira helburu eta berauek euskaraz eta euskaldun hezi nahi ditugu, Europako testuinguruan bizi eta lan egiteko beharrezko dituzten hizkuntzak menderatuz, eta ikastolen ereduak dituen ezaugarriekin: euskara eta euskal kultura ardatz dituen curriculuma, autogestioan oinarritzen den antolaketa (eredu kooperatibista) eta, beti ere, zerbitzu publikoa eskaintzeko asmoaz, herritar guztiei zabaldua.

Betiko eta Ander Deuna ikastolen eskutik, Bizkaiko ikastolen jaialdia (dino abestiak) daukagu Leioan domeka honetan. Lagundu diguten guztiei, domekan gurekin izango direnei, Ibilaldia posible egin dutenei eskerrik beroena emotea lerro hauetatik.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun