HZren aldeko mozioa onartu du Getxoko udalbatzak

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2004ko mai. 28a, 23:03

Herritarren Zerrenda Europako hauteskundeetara aurkeztu ahal izan dadin, Espainiako Gobernuari Alderdien Legea ezereztea eskatzen dion mozioa onartu du gaur Getxoko udalbatzak. EAJk, EAk eta Ezker Batuak alde bozkatu eman dute eta sozialistek eta pòpularrek aurka. Gotzone Mora PSE-EEko zinegotzia kanporatua izan da. Horretaz gain, une batez bilkura eten behar izan dute, alde batetik, Cespako langileek bi lankide kaleratuak izanagatik protesta egin dutelako (argazkian), eta bestetik, sindikatuetako kideek udal langileen baldintzak negoziatzea eskatu dutelako.

Gaurko udal osoko bilkuran, EAJk aurkeztutako mozioan aipatzen denez, "bakoitzaren atxikipen politikoa alde batera utzita, hiritarren oinarrizko eskubideak urratzen ditu Alderdien Legeak". Berehala ezereztu behar dela aipatzen du, HZk edota ekainaren 13ko hauteskundeetara aurkeztu nahi den beste edozein alderdi politikok "askatasun osoz eta exijitu daitezkeen berme demokratiko guztiekin egin ahal izan dezan".

EAJk nabarmendu duenez, 2002ko udan PPren Gobernuak onartu zuenean, "Batasuna legez kanpo uzteko legea bezala bataiatu zuten hedabideen". Alderdien Legearen izenean eta "Batasunarekin zerikusi zuzena dutela aitxakiatzat hartuz", foru eta udal hauteskundeetan hainbat eta hainbat plataforma legez kanpo jarri eta oraingoan HZrekin gauza bera gertatu dela gogoratu dute. Hori dela eta, legediaren bitartekoak erabiliz ezerezten saiatu" direla adierazten du EAJk.

Bilkuratik kanporatua izan da Gotzone Mora (PSE-EE)

Eguneko gaiak jorratzen amaitu eta Iñaki Zarraoa alkateak bertan bildutako herritarrak eskaerak eta galderak egiteko txanda zabaldu ostean, osoko bilkuratik kanporatua izan da Gotzone Mora PSE-EEko zinegotzia. Europa Press agentziari egindako adierazpenetan, HZren aldeko mozioa aurkezterako orduan, "giroa nahikotxo berotu da eta salaketa larriak egin dira", Moraren hitzetan. "Mehatxatuta gaudela aprobetxatzea leporatu digute", gaineratu du sozialisten ordezkariak.

Galderen txandan, berriz, hitza hartu duen gizonak irainka hasi dela adierazi du Morak. Honi hitza kentzeko eskatu eta, isildu ezean, botako zuela esan dio Zarraoak PSE-EEko zinegotziari. Handik gutxira, kalera atera dute udaltzainek.

Carlos Aranguren PPko zinegotziak, berriz, "komisari politikotzat" jokatzea egotzi dio udal idakariari. Popularraren hitzetan, HZren aldeko mozioa hasiera batean bozkatu arren, errepikatu egin dute EAJko zinegotzi batzuk falta zirelako. "Gehiengoa lortu arte ez dute ontzat eman bozketa. Aurreko udalbatzan, ordea, alderantziz interpretatu zuten arautegia", gaineratu du Arangurenek. PP eta PSE-EEko zinegotziak "aizkora eta sugeari saltzea" leporatu dio gobernu batzordeari.

Udalbatza eten behar izan dute

Hala ere, hauek ez dira izan gaurko udalbatzan izandako tirabira bakarrak. Minutu gutxi batzutan eten behar izan dute bilkura, alde batetik, Getxoko udal eraikinen garbiketaz arduratzen diren Cespako langileek bi lankide kanporatu izanagatik protesta egin dutelako. Eta bestetik, ELA eta LAB sindikatuetako kideek udal funtzionarien lan baldintzen negoziazioa eskatzen zutelako.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun