Maiatzaren 28ko Udal Batzarra

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2004ko mai. 31a, 22:47

Maiatzaren 28ko Udal Batzarrerako Getxo Biziak bi mozio aurkeztu zituen. Alkateak ez zituen Gaiordenean sartu nahi izan, baina hala ere, honen ondoren doakizuen testuarekin batera, ohiko galde-eskeak txandan irakurri genituen.

Lehenengo mozioan urtebeteko apartheid egoera salatzearekin batera Udal Batzarrari hauteskunde emaitzak aintzat hartu eta eskubide demokratikoen aldeko jarrera aktiboa eskatu diogu. Getxo Biziak dagokion zinegotzi postua har dezan formula legal zehatza proposatu dugu. Tamalez erantzuna negatiboa izan da. IU-ko zinegotzien jarrera lotsagarria izan da. Ondo dakiten arren zinegotzi postu bakarra dagokiela, errealitaterai bizkarra emanez herritarrek eman ez zieten bigarren poltronari itsatsita geratzen dira. Oraindik iritzia aldatzeko garaiz dira. Gure aldetik proposamena zabaltzen ahaleginduko gara.

Bigarrena Ama Lurra Defenda Dezagun Adierazpena mozio gisa aurkeztua da. Sei puntutan laburbilduta lurraren aldeko jarrera eta konpromisoak eskatzen ditugu.

Mozioak irakurtzeaz gain hurrengo balorazioa egin dugu

Azken 25 urteotan ez da benetako demokraziarik izan Euskal Herriko udalerri eta udaletan. Hego Euskal Herrian Frankismoaren ondoren demokraziari dagozkion forma eta edukin garrantzitsuak berreskuratu ziren arren, gutxi izan dira eguneroko kudeaketa eta politikagintzan herritarren parte hartze zuzena bultzatu duten udalak eta udalen eguneroko dinamika iraunkorki egon da atzerriko legeek ezartzen zutenaren ondorioz baldintzatuta. Kultura, kirol eta hezkuntza arloetan, finantzaketa zehazterakoan edo babes sozialerako tresnak eta etxebizitza politikak bultzatu nahi izan direnean adibidez, beti izan ditugu oztopo eta traba euskal errealitate sozial eta politikotik urrun erabakitzen diren legeak. Jai egunak ere Madrilen eta Parisen ezartzen dizkigute, uztailaren 14a eta abenduaren 6a adibidez.

Hala ere ezin ukatu aurrerapenak egin direla. Aurrerapen horiek bereziki nabariak izan dira kanpotik ezarritako ikusmira eta oztopoak alde batera utzi eta herritarren zein herri mugimenduen parte hartzearekin batera bertoko garapenari begirako ekimenak aurrera atera izan direnean. Duela 5 urte Udal eta Udal Hautetsien Biltzarra - Udalbiltza sortzearekin batera, behetik gorako eraikuntza demokratikoaren fruitu gisa, aro garaikideko lehenengo euskal instituzio nazionala martxan jarri zen.

Bitartean Espainiar Estatuaren erantzun errepresiboa gogorra eta oinarrizko eskubide unibertsalen kontrakoa izan da. Erakunde politiko desberdinen ilegalizazioa, Batasunaren ilegalizazioa eta Udalbiltzaren ilegalizazioa etorri dira, presoak isolatu eta suntsitzeko erabaki politikoak, ideien kriminalizazioa, komunikabideen itxierak, ideia eta praktika politiko garbiengatiko militanteen gartzelaratzeak, mugak hautsiz ekimen sozial eta politiko berrien sustatzaile izan diren Udalbiltzako hautetsi eta langileen gartzelaratzeak, eta azkenik ehundaka hautagai-zerrenda legez kanpo utzi izan dira udal eta foru hauteskundeetan eta orain Europear Parlamenturako hauteskundeetan ezker abertzalearen parte hartzea ezabatu nahian.

Baina ezker abertzalea udal eta foru hauteskundeetan egon egon zen eta europear parlamenturako hauteskundeetan egon egongo da. EAJ-PNV, EA eta EB-IU alderdiek gaur onartutako haien adierazpenean esaten dutena egiaren parte bat baino ez da, beste partea antza interesatzen ez zaielako. Getxo Bizia hautes-zerrenda estatuak legez kanpo uzti zuen arren, herritarrek Getxo Bizia bozkatu zuten. Estatuaren legeak desobedituz, ezarri nahi zitzaigun heriotz zibilari aurre eginez 2.756 getxoztarrok Getxo Bizia bozkatu genuen.

Geroztik aukera bi baino ez dago: Lege antidemokratikoei men egin eta lege antidemokratiko horiek zorrozki aplikatu orain Getxon EAJ-PNV, EA eta IU-EB egiten ari diren bezala, ala herritarren botoak eta borondateak aintzat hartu eta Getxo Bizia beste indar politiko guztiak bezalaxe udalaren ordezkaritza eta lan dinamikan integratu.

Gaur Getxo Biziak proposamen zehatz bat egin du aurkeztu duen eta alkateak gaiordenean sartu nahi izan ez duen mozioaren bidez. Ikusi duzuenez badaude modu "legalak" Getxo Biziak dagokion ordezkaritza eduki dezan. Non daude herritarren eskubideak? Non daude zuen printzipio demokratikoak? Ezker Batuako Lafuente jauna, noiz utziko duzu beste bati dagokion aulkia?


Mozioa irakurri:

Ama Lurra defenda dezagun
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun