Inaxio Oliveri (EA) sailburua zela, A ereduan ikasitako 300 pertsonek judizialki salatu zuten EAEko Hezkuntza Saila, 1982ko Euskararen Legeak dinoena (neska-mutilek derrigorrezko hezkuntza gainditzean bi hizkuntza koofizialetan aritzeko kapazak izan behar direla) ez betetzeagatik euskarari dagokionez. Gainera, 1984tik Hezkuntza Sailaren txostenek 300 gazteek salatutakoa berresten zuten. Era berean, B ereduko ikasleei euskararen jabetza soilik familia euskaldunetan eta gune euskaldunetan berma zitzaiela aipatzen zuten Eusko Jaurlaritzako txostenek. Gauzak horrela, Oliverik agindu zuen A indartua izeneko proiektu pilotoa: arlo ludikoarekin lotutako ekintzak euskaraz gauzatuko ziren 40 zentru publiko zein pribatuetan, eta Sailak emaitzak aztertuko zituen.
Hurrengo sailburuak, Joseba Intxaurraga (EA), soilik hilabete batzuk eman zituen bere lanpostuan. Nahikoa izan zen EHEren eta beste kolektiboen presioen aurrean A eredua indartu behar zela aipatzeko (berriro ere, era esperimentalean). Ezker Batua Gasteizko Gobernuan sartzeak Intxaurragaren lekuz aldatzea ekarri zuen.
Soineko larrosazko inpunitatea
Oraingo sailburuak, Angeles Iztueta (EA), irakaskuntzako eta euskalgintzako gehiengo sozialak eskatutako ereduen sistema desagertarazteari (euskararen analfabetoak etengabe sortzen baititu) muzin egin dio. Berriro ere, erreforma hutsala proposatu du: ikasgai bat gehiago euskaraz A eta B ereduetan. Iztuetak lotsagorritu gabe onartu du horrek ez duela bermatuko eredu horietakoak euskaldun ateratzea. Eta hori jakinda ere, lasai asko ikusiko dugu bere soineko larrosarekin Ibilalditik kilometro batzuk egiten euskararen alde.
Zertan dabil Eusko Alkartasuna? Non dago Errazti? Eskubideen ukapenei bere alderdiak beti erantzungo zuela hainbeste esan eta azpimarratu ostean, zergatik ez dute egunero protestatzen EAkoek A eta B ereduko ikastetxeetan ume zein gazteei euskara jakiteko bertako eta berezko hizkuntza propioa eskubidea lapurtzen zaien bitartean? Zergatik bere alderdiko sailburuek eskubide ukatzaile nagusiak dira?
EAkoak ez dira etsaiak izango, baina, gutxienez, Euskararen Arerioak badira.