"Alkarregaz heldu" leloa hartu dugu Ibilaldia 2004 ekitaldirako. Bi hitz hauekin jolastu gura dugu: alkarregaz eta heldu berbakaz. "Alkarregaz", "Alkarrekin", "taldean", "besteekin batera" aritzea, ikastolen ezaugarrietako bat da. Partaidetza eta elkarlana ezaugarrietako bat dugu, gure hezkuntza proiektuko ardatzetako bat. Talde baten partaide gara, Ikastolen taldearena, alegia. Proiektu komun batean ari gara lanean eta gure ekarpena egiten diogu gizarteari; hezkuntza eta euskara eta euskal kultura uztartuz.
Ikastolen ekarpena oraindik beharrezkoa da gure gizartean eta eredu zenbaitetan. Baina, era berean, Ikastola bakoitzeko hezkuntza komunitatearen parte ere bagara; ikasleak, gurasoak, langileak eta laguntzaileak osatzen dugu komunitate hori eta elkarlana da gure identitatearen adierazgarrietako bat. Eta, oraingo honetan, bi ikastolok alkartzen gara, horrela, konpartitzen dugun proiektua gauzatze bidean elkartzearen beharra, ezinbestekotasuna, azpimarratu gura dugu. Hurrengo hamabi hilabeteetan Ibilaldia aurrera ateratzeko, lana alkarregaz egin beharko dugu, lana konpartitu baina lan horrek izango dituen emaitzak ere alkarregaz lortutakoak izango dira.
Bestetik, "Heldu" hitzak hainbat esanahi ditu. Ailegatu, etorri, iritsi, oratu, ondu, sasoitu, eutsi, lotu, atxiki, ekin, larritasunean dabilenari lagundu. Bi ikastolen artean egiten dugun ekitaldia da. Beraz, "Alkarregaz ekitea" bideari. Elkarri lagunduz geroa eraikitzen goaz. Elkarrekin goaz etorkizuna lantzen eta etorkizuna gure eskuetan dago eta etorkizun hori oratu, hartu, egiten dugu, ez diogu alde egiten uzten.
Azkenik, Ibilaldi egunean elkar hartuta etortzea azpimarratzea. Talde eginez, besteekin batera helburu batean parte hartzea, alegia. Eta ezin ahaztu, irakaskuntzan gabiltzala, ikasleak ere euren heldutasunera taldean dabiltzala ailegatzen direla, elkar hartuta egiten dute ikaste bidaia hori. Azken batean, etorkizunari begira, elkarrekin bidea egitea, alkarregaz proiektu komunak gauzatzea adierazi gura dugu lelo horrekin.
Helburu nagusiak
1.- Ikastola eredua ezagutaraztea eta zabaltzea.
Ikastola eredua Uribe Kostako eskualdean ezagutarazteko abagune aparta dugu Ibilaldia. Gure hezkuntza proiektuaren ezaugarri propioak ezagutarazi nahi ditugu: hala nola, hezkuntza euskalduna, ikasmaterialgintza propioa, ikerketa eta garapena, eraldatzailea, kudeaketa autonomoduna, ikastolen arteko lankidetza, Euskal Herriari atxikia, autoebaluazioa, ekonomia sozialekoa, kalitatea, elkartasuna, etengabeko prestakuntza eta izaera herritarra duen titularitate soziala.
Gure ikasleak euskaraz eta euskaldun hezi nahi ditugu: euskara ongi menderatuz, euskararen eta euskal kulturaren transmisio, garapen eta indartzearekin konprometituz eta, Euskal Herriko errealitate historiko, sozial, ekonomiko eta kulturaleko partaide izanik. Beti ere, Europako testuinguruan bizi eta lan egiteko beharrezkoak dituzten hizkuntzak menperatuz.
2.- Baliabide ekonomikoak lortzea.
Kalitatezko hezkuntza eskaintzea da ikastolen helburu nagusienetakoa, eta horretarako ezinbestekoa da baliabide eta azpiegitura egokiak izatea. Horregatik, bi ikastolek gaur egun azpiegitura aldetik ditugun beharrizanei aurre egiteko moduko baliabide ekonomikoak lortu nahi ditugu Ibilaldiaren
bitartez. Horrela, Betiko ikastolan bigarren lerrorako egokitzeko solairu berria eraiki beharra dugu. Era berean, kirol azpiegiturak eraberritu eta, ikastolaren betiko ametsa eta beharra izan den frontoi-polikiroldegi estalia eraiki dugu.
Bestalde, Ander Deuna ikastolak matrikulazio eskariari aurre egiteko azpiegitura berrien premia daukagu. Izan ere, 2004. urtean egun ez dugun 0-1 urteko umeentzako eskaintza zabaldu nahi dugu, eta 1-3 urteko eskariari erantzuteko gela bat egokitu behar dugu. Horretaz gain, ikastolako eraikina zaharberritu behar dugu.
3.- Euskal kultura eta euskararen sustapenean lagundu.
Ikastolaren barne zein kanpo euskara eta euskal kultura sustatzeko apustu garrantzitsua egiten dugu; esku pilota, bertsolaritza, euskal dantzak, euskal jaiak eta abar antolatuz. Ildo horretatik, urtean zehar egingo dugun Aurre-Ibilaldiaren barruan Leioan eta Sopelan antolatu ditugun ekintza eta ekitaldi ezberdinen bitartez euskal kultura sustatzen lagundu nahi dugu.
Aldi berean, gurea eskualdea euskalduna den arren, oraindik orain euskararen erabilpenean urratsa sendoak eman beharra dugu. Erabilpen hori sustatzeko Ibilaldiaren inguruan antolatuko ditugun ekitaldiak lagungarri izango zaizkigu.
Logoa
Logotipoan Lamia pertsonaia agertu nahi izan dugu, beroni itxura moderno bat emanez. Dakizuenez, hemen Leioan bada parajea Lamiako izena duena. Kontuak eta kantuak dioenez, bertoko paduretan Lamia bizi omen zen. Pertsonai mitologiko hori hartu dugu logotipotzat Ibilaldia 2004an.
Panpina
Logotipoarekin batera panpina ere badugu eta Lamiñe izena jarri diogu. Pertsonai honen irudia Tasio marrazkigileak egin du, bere ekarpena dugu. Lamiñe irudi dinamikoa. Hainbat kultur eta kirol aktibitate burutuko ditu Ibilaldian zehar. Logotipoak zein panpinak surf taula daramate aldean. Surfa jarduera berria dugu gure inguru honetan, Euskal Herrian bertan (50 urtetik behera), baina, ere berean, inguruko gazte askori gustagarri egiten zaien kirola. Azken finean, gure helburua ere hori da. Milaka urte dituen euskara eta gure eguneroko bizitzako aktibitate, kultura, uztartzea, beste kulturetatik izan ditzakegun ekarpenak jasotzea eta eguneroko bizitzan integratzea, jaso eta jasotzen dugunarekin gure kultura propioaren sortzaile izatea.
Ikusi:
http://www.ibilaldia.net
Ibilkanta entzun (mp3)
Gaiaren inguruko albisteak:
Metro Bilbaok tren bereziak eskainiko ditu igandean Ibilaldira joateko - UKBERRI (2004 Mai 28)
Dantza arloan euskara bultzatu dutenak omenduko ditu Ibilaldia 2004k - UKBERRI (2004 Mai 21)