Babes ofizialeko beste 19 etxe egingo dituzte Berangon

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2004ko eka. 1a, 22:13

Babes ofizialeko 19 etxebizitza eraikitzeko hitzarmena sinatu zuten atzo Miren Dobaran Berangoko alkatesak eta Javier Madrazo Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza eta Gizarte Gaietarako sailburuak. Herrian bertan erroldatutako bizilagunek izango dute horiek eskuratzeko lehentasuna Madrazok adierazi zuenez. Izan ere, 225 berangoztar dago Etxebiden izena emanda. Eta horietatik 192 lagunek 21.100 euro baino gutxiagoko diru-sarrerak dituzte, ehuneko 85 alegia. Miren Dobaranek, berriz, "pozez" hartu zuen akordioa sinatzea, "Eusko Jaurlaritzaren laguntzari eta udalbatzan ordezkaritza daukaten aldeko botuari esker, etxebizitza eskuratzeko aukera izango dutelako Berangoko hainbat familiek".

Ildo horretan, gobernu batzordeak daroan politika "aurrerazalea" goraipatu zuen Dobaranek, "beti ere udalerrian beharrizanik handienak dituztenen alde" jarduten ari direlako. Alkatesaren ustez, "aipagarria da aurreko legengintzalditik hona Udala egiten ari den lana, bost mila biztanle baino gutxiago izanik, lur-jabetzak izatera behartuta ez dagoelako".

19 etxebizitzak bloke bakarrean egitea aurrikusten dute eta 2005eko hasieran ekingo liekete lanei. Horretarako, 2.182.067 euroko diru kopurua emango du Eusko Jaurlaritzak. Beste alde batetik, 2005eko bigarren hiruhilekoan egingo da zozketa. Hori dela eta, "ahalik eta lasterren, Etxebiden izena emateko" deitu ditu berangoztar guztiak Madrazok.

Azkenik, aipatu beharra dago, Intxaurraga aldean babes ofizialeko 19 etxebizitza egiteko, 5 sektoreko orubea utzi ziola Eusko Jaurlaritzari Berangoko Udalak. Hala ere, beste bi hitzarmen sinatu dute jada, Etxebizitza Sailarekin. Hain zuzen ere, alokairuan jartzeko 12 etxebizitza egin ziren Lantzarten. Eta, gaur egun, babestutako beste 14 etxe eraikitzen ari dira Lotxarienean.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun