Aralarrek adierazi duenez, Artea merkatalgunerako sarbidea izateko asmoz eraiki zen 1997an, Berangoko errotondarainoko Uribe Kostako korridoreko zatia, "Eskumaldeko hirigintza-kolonizazioa erraztuz". Hori dela eta, "hondamenditzat" jo dute horrek izandako eragina. Batetik, inmigrazioaren ondorioz, biztanle hazkunde izugarria jasan dutelako hondartzak dituzten herriek. Eta bestetik, etxebizitzen salneurria "kontrolik gabe" egin duelako gora. Euren hitzetan, "umilagoak diren sendien seme-alabek herritik kanpora jo behar izan dute etxea topatzeko".
Leioa adibide bezala jarriz, "herritarrengan sustraiak galdu izanaren sentimendua gero eta handiagoa" dela diote Aralarreko ordezkariek, "herrien nortasuna kolokan egoterainokoa". Horretaz gain, horrelako korridoreek baserri guneen artean sortzen dituzten zatiketak, "naturaren garapenerako kaltegarriak" direla diote. "Gure ustez hondartzetara joan ahal izatea errazteko baino ez den izango korridorea saldu nahi digute orain. Trafikoa eta ingurumenerako kalte handiagoa baino ez ditu ekarriko", adierazten dute.