Saharako Hezkuntza Ministroari harrera egin zaio Getxoko udaletxean

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2004ko eka. 3a, 23:50

Bachir Mustafa Saley Saharako Hezkuntza Ministroarekin bildu zen, atzo arratsaldeko lehenengo orduetan, Imanol Landa Getxoko Udaleko Lehendakaritza arloko zinegotzia. Harrera ekitaldia, "Ikasle bat, adreilu bat" ekinaldiaren inguruan, datorren ekainaren 7ra arte Errepublika Arabiar Saharar Demokratikoko ordezkaritza bat Euskal Herrira egiten ari den bidaia ofizialaren barruan sartuta dago. Egitasmo hori EHIGE Euskal Eskola Publikoko ikasleen gurasoen elkarteak sustatu du. Hain zuzen ere, egitasmo horretan parte hartu zuen iaz Getxoko Udalak, 28 mila euro emanez eta Algortako Geltoki Plazan egitasmoaren egitarauaren eta garapenaren berri zabaltzeko haima bat jarriz.

Getxoko Udalari Sahararekiko hartutako konpromisoa eskertzea izan da Hezkuntza Ministroaren bisitaren helburu nagusietako bat: "Saharako herriaren aldeko laguntza etengabea eskertu nahi diogu Getxoko Udalari, gure herriaren beharrizan asko asetzeagatik, baita unean uneko arazoen arabera lehentasun berriak ezartzeagatik, eta Saharan egun dagoen egoera politiko eta diplomatikoaren berri emateagatik."

Saharako Hezkuntza Ministro eta Fronte Polisarioaren fundatzailearen anaia den, Bachir Mustafa Saleyk gogora ekarri zuen, besteak beste, Segurtasun Kontseiluaren azkeneko ebazpena, hots, Nazio Batuen Saharako eginkizuna 6 hilabetez luzatzea, elkarrizketaren bidez, autodeterminazio erreferenduma egitea oztopatzen duten zailtasun eta kontuak gainditzen saiatzeko.

Imanol Landa Lehendakaritza Arloko zinegotziak, bere aldetik, gonbidatuari Getxoko Udalak etorkizunean ere sahararrei laguntzen segitzeko asmoa eta borondatea duela adierazi zion, "Sahararekiko gure konpromisoa lehenagotik dator eta, urtero-urtero, aurrekontuetan lehentasun gisa hartzen da; garapenerako elkarlanerako ildo iraunkorra da, erabat finkatuta dagoen Birganduz herriarekiko anaitzeko ekimenarekin zuzenean islatzen dena."
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun