Elhuyar aholkularitza enpresaren laguntzarekin burutu dute egitasmoa. Honek udalaren barruan egiten den euskararen erabilerari buruzko aurretiko azterketa egin du, ondoren helburuak ezartzeko. Honako hauek aztertu dituzte: langileen hizkuntz-gaitasuna, barruko eta kanpoko harremanetan izaten den euskararen erabilera, udalerriko hizkuntz-paisaia eta informatika programen eta teknologia berrien alorra. Orain arte indarrean egon diren hizkuntz-irizpideak ere aztertu dituzte.
Imanol Landa Presidentzia arloko zinegotziak hedabideei ezagutzera eman dien ikerketa honen arabera, Getxoko Udaleko langileen %45ak betetzen du Eusko Jaurlaritzaren Arautegi Orokorrak ezarritako hizkutz-baldintzak, bataz besteko ehuneko 33ko portzentaia gaindituz. Langileen %32k egiaztatu du ezarritako hizkuntz-eskakizuna betetzen duela, baina portzentaia hori %60koa litzateke, 45 urtetik gorako langileak (hauek hizkuntz-baldintzak betetzeko beharrik ez dutelako) eta ordezkapenak egiten dituztenak kontuan hartzen ez badira.
Kanpoko harremanei dagokienez, ahozkoen %32 eta idatzizkoen %88 euskaraz eta elebidunez izaten dira. Langileen arteko harremanak eta barruko idatziak (nominak, oharrak, deialdiak, txostenak eta abar) euskaraz eta elebidunez egiten dira %58an.
Helburuak
Egoera ikusita, Udalak hainbat helburu aurreikusi ditu. Horien artean, langile euskaldunek beren eguneroko zereginak euskaraz egin ahal izatea laguntzea, ezagutzen ez dutenei hizkuntza erakustea eta alorren arteko harremanak euskaraz izatea.
Ahozko zein idatzizko kanpoko harremanei begira, berriz, hizkuntza euskara izatea nahi dute, beti ere, herritarrek aukeratzeko eskubidea duela ahaztu gabe. Hau lortzeko neurrien artean idatziak elebidunak izango dira eta euskara zerbitzu-hizkuntza izan dadin baliabideak emango zaizkie langileei. Udalaren irudian, barne zein kanpo, euskararen presentzia bermatuko da, errotuloetan eta egunero erabiltzen diren gauzetan euskararen agerpena areagotuz (karpetak, kartazalak...) Argitalpenetan euskara indartuko da eta Udalaren jende aurreko ekitaldietan elebitasuna ere landuko da. Euskarazko bertsioek kalitatea ziurtatzen dutenean, langileei euskarazko baliabideak eskainiko dizkiete.
Osoko bilkurak plana onartu ondoren, aurrera eramateko bi trebatzaile kontratatuko ditu Udalak. Hauek aipatutako neurriak martxan jartzen eta euskara erabiltzen ere lagunduko dute. Printzipioz, Udaltzaingoan, Musika Eskolan, Kultur Etxean eta Gordailuzaintzan martxan jarriko dituzten esperientzia aitzindariren bitartez.