Getxoko Auzolan programan parte hartzen dutenen %60ak lanpostua mantentzen du

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2004ko eka. 4a, 22:20
Auzolan Trebakuntza Programan parte hartzen duten lagunen ehuneko 60 batek prestakuntza amaitu ondoren bere lanpostua mantentzea lortzen du, Iñaki Zarraoa Getxoko alkateak prentsaurrekoan emandako datuen arabera. Eusko Jaurlaritzak bultzatu eta diruz lagundutako egitasmoa hau udalek eramaten dute aurrera. Lan munduan sartzeko zailtasun handiak dituzten pertsonen bergizarteratzea du helburu. Denbora luzean lanik gabe eta desmotibata dauden lagunak izaten dira gehienetan, famili egoera zailean eta oinarrizko errenta baino ez baitaukate.
Ekimen honek pertsona hauek motibatu nahi ditu eta aldi berean trebakuntza eman. Honekin batera, lehendabiziko lan esperientzia eman nahi diete, etorkizunean lana mantendu dezaten. Getxoko alkatearen iritziz, "gure udalerrian helburua betetzen ari da, parte hartzaileen %60 batek mantentzen duelako lana".

Gaur egun, Getxoko Udalak Auzolan Programaren inguruko bi ziklo ditu martxan. Batean, eraikin publikotako garbiketarako laguntzaile eta hoteletako zerbitzari ibiltzeko trebakuntza eskaintzen da, eta bestean, sare informatikoko ekipoak ipintzeko eta mantentzekoa. Udalak mota hauetako zikloak antolatu ditu, lan merkatuaren eskaera zein den jakiteko ikerketa egin ondoren, Zarraoaren arabera.

Ziklo bakoitzean 8 lagunek hartzen dute parte. Hasieran motibatu eta, ondoren, sei hilabetez lanean egoteko, horren gaineko trebakuntza jasotzen dute. Lanean dauden bitartean tutore baten laguntza izaten dute, prozesu osoan izaten dutenaz gain. Getxoko Auzolan programaren aurrekontua 332.000 eurokoa da.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun