ALBEko harrobia nagusi Bizkaiko Umeen eta Gaztetxoen Bertsolari Txapelketan

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2004ko eka. 4a, 23:25

(Argazkian, Xabier Paia eta Itsaso Paia Bertsolari Gaztetxoen egunean)

Bizkaiko Ikastolen Elkarteak antolatuta Bizkaiko Umeen eta Gaztetxoen XXI. Bertsolari Txapelketaren finala ospatu da gaur goizean Bilboko Indautxu auzoko El Carmen aretoan. 11:00etan hasi eta 14:00ak bitartean, euren abilezia erakutsi dute taula gainera igotako hamasei bertsolari gaztetxoek, eta bertso ederrak entzuteko aukera izan da. Baina Algortako Bertsolari Eskolan dabiltzan umeek emandako maila paregabea da gehien nabarmentzekoa. 14 urte artekoan, Jone Uria algortarrak eskuratu du txapela; 15 eta 16 urtekoen artean, berriz, Arrate Illaro (Getxo) eta Itsaso Paia (Algorta) izan dira lehenengo eta bigarren, ALBEkoak hirurak.

Iñigo Santxo ALBEko arduradunak adierazi duenez, "izugarriak" dira Algortako Bertsolari Eskolako umeek gaurko finalean lortutako emaitzak. Izan ere, Bizkaiko txapelketan jokatzen diren hiru mailetatik bitan lortu dute txapela, Jone Uriak eta Arrate Illarok, hurrenez hurren. Gainera, 15 eta 16 urtekoen artean, txapelketa bat baino gehiagotan euren trebezia erakutsi duten Xabi eta Fredi Paiaren arreba den Itsasok eskuratu du bigarren postua. Dudarik gabe, bertsolari peto-petoak eginda daude hirurak. Besteak beste, orain dela gutxi, Ipar-Uribeko txapela jantzita, Bizkaikorako bidean doa Xabi Paia.

Eta Jone Uria ez da gutxiagorako. Bizkaiko txapelketa irabazita, ekainaren 19an ospatuko den Euskal Herrikoan "aukera handiak" dituela nabarmendu du Santxok. Hori bai harrobia ALBEkoa!

Hala ere, Arrate Illaro eta Itsaso Paia Euskal Herriko txapelketara ezin joan izateak tamalez hartu du Algortako Bertsolari Eskolako arduradunak. Izan ere, gazteenek eurek baino hiru-lau urte zaharragoekin jokatu behar izan ez dezaten, 15 eta 18 urte bitartean, bi kategoria jartzen dituzte Bizkaikoan. Txapelketa Nagusian, aldiz, maila bakarra dago eta lurraldeko 17 eta 18 urte bitarteko txapeldunak eta txapeldunordeak daukate bertarako txartela: Josu Martinez santutxuarrak eta Jon Agirre zornotzarrak alegia.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun