Uda libre - Christian Reinicke / Getxo Biziako kidea

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2004ko eka. 7a, 22:08

Udaberri euritsu eta hotzak paso eman dio bortizki giro epel eta eguzkitsuari. Loratzea Big Bang txiki baten modukoa izan da aurten eta etxeko dutxaren gezaz gain itsasoaren gazia ere dastatzen ohi duenak, kresalaren tenperaturak egun gutxitan zenbait gradutan gora egin duela konturatzeko aukera izan du.

Uraren tenperatura aldaketa horiek larruan sentitzea hain gustuko ez duenak lasai har dezake bainua jada Uribe Kostako hondartzetan. Baina kontuz, Prestigek utzitako marea beltzaren arrastoak, nabarmenki gutxitu badira ere, ez dira oraindik desagertu eta hori gutxi balitz Galindoko hondakin uren araztegitik kaka isurketa handiak izan dira Ibaizabalera. Sanitate sailaren arabera uren kutsadura dela eta Ereagan kontu handiz bainatu daiteke eta Bakioko areaz txukundu egin zen Arrigunagako hondartzan ezin. `Libre´ deritzoten bainurako Abratik kanpora dauden hondartzetara joan behar dugu, nahiz eta zehatz mehatz ere ez dakigun noiz eta nola egin diren uren azterketak eta emaitzak ere, sailkapen arrunt horretatik haratago zeintzu izan diren.

Greban dauden araztegiko langileak aspalditik ari dira euren lantokian gertatzen ari dena salatzen. Beste asko bezala, maiatzean kaleratu dituzten arte Getxoko Udalean CESPA enpresaren bitartez garbitzaile izan diren bi emakumeak bezala adibidez, azpikontratazioen biktima dira eta lan baldintza eta soldata duinak aldarrikatzeko eskubide osoz jo zuten grebara. Hilabeteak daramatzate eta abisua garaiz zabaldu zuten: `Ezer ez bada egiten ur zikinen isurketak izango dira.´ Ur Patzuergoak ez du langileen egoera konpontzeko keinu txikienik ere egin eta hasieran isurketak ez zirela izango eta dena `kontrolpean´ zegoela esaten bazuten ere, orain udako hondartzetako bainu sasoia hastean ezin dute errealitatea gehiago izkutatu.

Orain zer gertatuko da? Bitartekari izendatutakoa benetako bitartekaria izango al da? Lan baldintzen inguruko eztabaida eta akordioa izango al dira, ala behartuko al dituzte langileak lehengo baldintza kaskarretan lanera bueltatzen? Urak garbi eta bainua `libre´ izatea garrantzitsua da, lan baldintza eta soladata duinetarako eskubidea garrantzitsua den bezala. Edo `libre´ izango al gara, `bainua libre´ txartela eskegitzearren langile kolektibo baten eskubideak urratzen badira?

Administrazio eta enpresa publikoek darabilten azpikontratazio politikak eragin zuzena du lan merkatuaren prekarizazioan eta prekarizazioak gero eta jende gehiago menpeko egiten du.

Bitartean eremu sozio-politikoan eskubide zibil eta politikorik gabe utzi nahi gaituzte. Estatuaren zerrenda beltzean edonor egon daiteke eta jada konturatzen ari gara eskubide ukaezin eta unibertsalak murrizteko Bush eta Aznar bezalako neofaxisten iniziatibak jarraitzaileak dituela ustez talante desberdina erakutsi nahi zutenen artean.

Horren aurrean oso egokia iruditzen zait Herritarren Zerrendak aukeratu duen leloa: Libre mugarik gabeko Europan. HZ – Herritarren Zerrenda Europan legala eta aldi berean ilegala izatea kontraesan larria bada ere, ez gaitezen inozoak izan eta gehiegizko konfidantza jarri merkatua eta kapitala eraikuntza oinarri dituen Europan. Giza, gizarte eta herrien eskubideen Europa, libre izateko eta bizitzeko Europa, egindako egituretatik baino oinarri oinarrizko eskubide horiek egunero defendatuz etorriko da.

Ekainaren 13an hautespen unibertsala, eskubide zibil eta politiko eta mugarik gabeko herri bezala dagozkigun eskubideen alde egiteko aukera garbia dugu. Libre izan nahi dugulako, erakuts diezaiegun ezin gaituztela ixilarazi eta baztertu.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun