Bobby Rush, Deborah Coleman eta Eric Sardinas izango dira Getxo&Blues jaialdian

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2004ko eka. 9a, 00:01

Victor Aneiros Band talde galiziarraren saioak osatuko du programa

(Argazkian, Deborah Coleman)

Besteak beste, Bobby Rush blues-soul musikaren irudirik esanguratsuenetakoak, Deborah Coleman abeslari, gitarrista eta musikagileak eta Eric Sardinas Delta Blues eta rock hegoaldetarra uztartzen dituen jatorri latindarreko gitarristak hartuko dute parte hilaren 11a eta 13a bitartean ospatuko den Getxoko XVI Blues Jaialdian. Egitaraua osatzeko, Victor Aneiros Blues Band taldeak hartuko du parte. Joan den urtean bezala, Algortako Portu Zaharrean izango dira Getxo&Blues jaialdiaren kontzertuak, 21:30etik aurrera eta sarrera doakoa izango da.

Victor Aneiros buru duen taldearen emanaldiak emango dio hasiera jaialdiari, ekainaren 11n. Ferroleko gitarra jotzailea estatu mailako bluesaren beteranoa da eta 80ko hamarkadatik Blancanieves, 39 escalones, Acceso Norte eta bestelako rock taldeekin aritu da. Era berean, makina bat blues jaialditan hartu du parte. Hainbat alditan B.B. King, Buddy Guy eta Raimundo Amador artista ospetsuekin ere egin ditu emanaldiak. Musikari galiziarrak "Live in Montreux" bere azken laneko kantak ekarriko ditu Getxora. Bere jaioterria, Galizia, oinarri duten kantak eta Rory Gallagher, Steve Ray Vaughn eta Otis Rush musikarien lanen bertsio elektrikoak jaso ditu diskan.

Eric Sardinas

Eric Sardinasen txanda izango da ondoren, nazioartean gero eta arrakasta handiagoa lortzen ari den bluesmana. Latindar jatorriko musikari honen doinuak askotariko estiloen eragina du, Delta Bluesarena (Charley Patton, Son House, Robert Johnson, Skip James, Bukka White...), country-bluesarena (Barbecue Bob, Blind Willie Mctell), Chicago bluesarena (Elmore James, Howlin' Wolf, Muddy Waters, Otis Rush, Albert king...), Texaseko bluesarena (Lightining Hopkins, Johnny Winter) eta 60 eta 70 hamarkadetako Hegoaldeko rockarena, besteak beste.

Jimi Hendrix artistaren eta Led Zeppelin talde famatuaren eragina ere nabaria da Sardinasengan. Disko bilduma laburra du baina maila eta ospe handikoa. Lan hauek argitaratu ditu: "Treat Me Right" (1999), "Devil's Train" (2001) eta "Black Pearls" (2003). Sardinasek estilo bizi eta gogorra du gustuko bere lanetarako.

Bobby Rush

Hilaren 12an, larunbata, blues-soularen artistarik ezagunenetakoaren txanda izango da: Bobby Rush (Louisiana, 1940). Hamasei urte baino ez zituenean sartu zen musikaren munduan Rush (jaiotzez Emmit Ellis Jr.). Berehala jaso zuen Muddy Waters, Howlin' Wolf, B. B. King, Little Walter eta Ray Charlesen musikaren eragina. 1953an Chicagora joan zen bizitzera eta 60ko hamarkadarako Luther Allison eta Freddie King artista ospetsuekin aritzen zen kolaborazio lanetan. Ondoren, bakarkako bideari ekin zion eta 1971n lortu zuen musikagile gisa lehen aitorpena mundu mailan, "Chicken Heads" lanarekin.

70 eta 80ko hamarkadetan kantariaren ospea hazi egin zen, eta aldi berean, baita hainbat diskoetxerekin grabatutako lanen kopurua ere. 90eko hamarkadaren erdialdean adostutako akordioa dela bide, Waldoxy diskoetxearekin kaleratu zituen ondoko lanak, soul-blues estilorako itzulerari ekinez. "Monkey Don't Stop No Show" eta beste hainbat lan famatu eman zituen argitara Waldoxy etxearekin. Rushek funk, folk eta gospel doinuekin aberastu du bere musika, makina bat garaikur eman dion estilo pertsonala lortu arte, hala nola, Urteko Jotzaile Onena, Living Blues Magazine aldizkari ospetsuaren eskutik jasotakoa. Getxon, Bobby Rushek 8 musikari izango ditu laguntzaile taldean.

Deborah Coleman

Getxo&Blues jaialdiaren unerik gorenean Deborah Coleman artistak hartuko du parte, nazioarteko emakume abeslaririk esanguratsuenetakoa. Deborah Colemanek oso goiz ekin zion musika ibilbideari, hamabost urte zituela. Aitzitik, familia kontzeptuaren inguruan eraikitako ikuspegi bereziak musikatik aldendu zuen bere lehen semea jaio zenean. 1995ean grabatu zuen lehen diskoa, bluesari berriro heldu, Thrillseekers taldea osatu eta talde hasiberrien lehiaketa bat irabazi ostean.

Colemanen gitarra estiloak Jimi Hendrix, Buddy Guy, Freddie King, Albert Collins eta Larry Carlton artisten eragina du. Ahotsak, berriz, Chrissie Hynde, Pattie Smith edo Bessie Smith abeslarien inspirazioa islatzen du. Bere ibilbidean zehar, beste bost disko argitaratu ditu, "Should Be It" da azkena, zuzenean grabaturiko lehena. Horiek guztiak gitarrista eta abeslari gisa emakumezko honek musikarako duen gaitasunaren berme ezin hobea dira, abesti-idazle gisa duen maisutasuna islatzeaz gain.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun