"Munduko errekorra" gainditzen saiatuko dira Getxoko Txotxongilo Egunean

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2004ko eka. 9a, 21:41
UNIMA Euskal Herria elkarteak eta Getxoko Kultur Etxeak Txotxongilo Eguna antolatuko dute Getxon hilaren 19rako. Ekitaldia goizez eta arratsaldez izango da, Areetako Geltoki Plazan. Antzerki jaialdi handi honetan "munduko errekor berria" ezartzen saiatuko dira, berton txotxongiloa eskuetan duten ehunka pertsonek parte hartu dezaten deialdia zabalduz. Horregatik, joan den urtarrilean, ekitaldi historiko hau 'Guinness World Records' delako nazioarteko erakundearen Errekorren Liburu ezagunean ofizialki jasota gera dadin, pausoak emateari ekin zitzaion. Besteak beste, zazpi txotxongilo antzezpen, lau txotxongilo tailer, buruhandi eta erraldoien kalejira eta, amaieran, musika emanaldia egongo dira, Getxoko Udaleko iturriek iragarri dutenez.
Zehazki, "horrelako ikuskizun batean parte hartzen duten txotxongilo zale kopururik handiena" biltzeko asmoa dute antolatzaileek. Marka hori (egun 402 titiritero eta 463 txotxongilokoa da, 2003ko uztailaren 13an Britainia Handian lortutakoa), Errekorren Guiness Liburu ospetsuan sartuko litzateke, jarritako helburua betetzekotan.

Txotxongiloen bilkura eta antzerki obra erraldoiaren antzezpena Getxoko Areetako Geltoki Plazan izango litzateke, Getxoko Udalak eta Eusko Jaurlaritzaren Kultura Sailak babestuta. Horixe izango litzateke iaz Getxon ere izan zen Txotxongilo Egunaren aurtengo edizioaren berrikuntzarik handiena. UNIMA Euskal Herriak eta Getxoko Kultur Etxeak estilo, garai eta formato desberdinetako txotxongiloekin, gutxienez 500 pertsona biltzea lortu nahi dute, kopuru hori "erruz" gaindituko dutelakoan badaude ere.

Txotxongiloen bilera jendetsu honetan parte hartzeko ez da beharrezkoa titiriteroa izatea. Edozein pertsona hurbildu daiteke Getxora txotxongiloa eskuetan duela eta, horrela, "Euskal Herriaren izena Errekorren Liburuan grabatuta gera dadin lagunduko du". Izan ere, partaideek eskuetan gutxienez bi begi eta aho bat daukan edozer txotxongilotzat hartuko dute antolatzaileek.

Horrela, ez da inolako adin mugarik jarriko deialdian parte hartzeko. Beraz, haur zein helduentzako deialdia da. Halaber, ez da txotxongilo mota mugatuko eta, hartara, egun horretan eskuz egindako txotxongiloak zein jostailuen alorreko enpresek egindako merkaturako besteak elkartu ahalko dira. Lana errazteko, Areetako plazan bertan txotxongiloak egiteko lau tailer handi zabalduko dituzte. Gainera, egun horretan, gainera, zazpi txotxongilo antzezpen, buruhandi eta erraldoien kalejira, kamiseta oroigarrien salmenta eta musika emankizun bat izango dira.

Errekorra finkatzeko amaierako zenbaketaren unea arratsaldeko 19:00etan hasiko da, esparru handi batera txotxongiloa eskuetan duten pertsonak sartzen hastearekin batera. Partaide guztiek, sartzean, bat-bateko eszenatokian errekorrean parte hartu izanaren frogagiri modura, diploma jasoko dute. Munduko errekorreko tokirako ateak arratsaldeko 20:00etan itxiko dira, eta orduan zehaztuko da, ofizialki, zenbat pertsona bildu diren. Une horretatik aurrera, dramatizazio laburra egingo dute, denen artean, Bilboko Cobaya antzerki taldeko zuzendari Javier Pérez-en gidaritzapean.

Errekorraren ekitaldi nagusia animatzen, Klaudio Landa ETBko aurkezle ezaguna arituko da. Txotxongilo Eguna 2004ri amaiera emateko erromeria handia egingo da.

Orain arteko errekor bakarra

Txotxongiloen inguruan gainditu nahi den arestian aipatutako errekorraz gain, orain arte munduan beste marka bat besterik ez dago. Zehazki, Atenas hirian lortu zen, 2003ko apirilaren 23an, munduko hari txotxongilorik handiena jendaurrean aurkeztu zenean. Egun hartan, Audio Visual Enterprises enpresak kalean txotxongilo handi baten hariak mugitu zituen.

Txotxongilo hura Walt Disney-ren Pinotxoren irudia zuen, eta hamar metroko altuera iristera heldu zenez, munduko txotxongilorik handiena da ordutik. Eraikitzeko 82 lanegun behar izan ziren, jendaurreko bere jarduera, ordea, urte hartako Forum Town Decoration-aren aurreko emankizun bakarrera mugatu zen.

UNIMA Euskal Herria

UNIMA Euskal Herria Txotxingilo Egunaren sustatzailea 1984an eratu zen elkarte gisa, txotxongiloen munduaz interesa zuten hainbat pertsonen ekimenari esker. Egun Araba, Bizkaia, Gipuzkoa, Nafarroa eta Iparraldeko txotxongilo konpainiarik gehienak erakunde honetan sartuta daude, baita Bilbo eta Tolosako txotxongilo jaialdiak, hainbat txotxongilo artisau, eta arte honekin zerikusia duten pertsona desberdinak ere.

Barrura begirako jardueren lehenengo etaparen ostean (ikastaroak, biltzarrak), UNIMA Euskal Herriak, aldi berean, herrira zabaltzea erabaki zuen, jendeari oro har begirako proposamen irekiak. Txotxongilo Egunaren moduko hedapen masiboko ekitaldien antolaketa, hala nola, Euskal Herriko konpainien eskutik txotxongilo ikuskizunen emankizuna, da bere jarduerarik garrantzitsuenetakoa.

Sortu zenetik, UNIMA Euskal Herria UNIMA (Txotxongiloaren Nazioarteko Batasuna) erakundearekin harremanetan dago, hari atxikita baitago Estatu Espainiarreko txotxongiloen beste elkarte batzuekin dagoen federazioaren bidez.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun