Ander Deuna ikastolako gazteek dirua bilduko dute Saharara bidaia egiteko

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2004ko eka. 10a, 20:21

Ander Deuna ikastolako Batxilergoko lehen ikasturteko ikasleek jaia antolatu dute larunbat honetarako, Sopelako udaletxe plazan bertan, Saharako Errepublika Arabiar Demokratikora elkartasun ikasketa-bidaia egiteko dirua biltzeko. Horrela, fanfarriak, trikitixak eta zanpantzarrek giroa alaituko dute, eta gainera, haima bat jarriko dute jarduera ezberdinak egiteko. Eguerdian, Saharari buruzko dokumentalen maratoia egongo da, eta ondoren, bazkari herrikoia antolatu dute. Arratsalde partean, musika izango da protagonista, hainbat banda eta Urgabe taldearen kontzertua izango baita gaueko 23:30ean hasita. Gainera, egun osoan zehar, Sahararekiko "elkartasun" txosna batek zerbitzua eskainiko die bertaratutakoei.

Ikasleen helburua ahalik eta diru gehien lortzea da, gero Saharako errefuxiatuen kanpamentuetara bidaltzeko. Gainera, gizarte osora zabaldu nahi dute egitasmoa, etorkizunean, beste ikastetxe eta ikastolek "mota honetako bidaia har dezaten eskola-jarduera bezala, elkartasunaren aldeko baloreen eta hezkuntza proiektuaren baitan", azaldu dute ekimenaren antolatzaileek.

Besteak beste, Sahararen aldeko Getxoko ATFAL gobernuz kanpoko erakundeen, eta Saharako Errepublika Arabiar Demokratikoko Adiskideen Elkartearen laguntza jaso dute, ekimena aurrera eramateko, Sopelako Ander Deuna ikastolako ikasleek.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun