Epaia, 2000ko irailaren 8an, Urdulizko XV. Andra Mari sari Nagusia egin zenean gertatu zen istripuari dagokio. Gatikako baserri bateko bizilagun bat bere autoarekin galtzadan sartu zen eta tropelarekin aurrez aurre jo zuen. Hainbat txirrindulari aurretik eramateaz gain, ibilgailurekin talka egin zuen, horien artean moto eta automobil bana. Istripuarengatik klubari eskatzen zaion kalte-ordainaren zati gehiena motorzalearentzat da, honek, laneko bajan lau hilabetez egoteaz gain, ondorioak utzi dizkioten zenbait lesio izan baitzituen.
Punta Galea Txirrindulari Elkarteko Batza Artezkariak eta bazkideek hartu duten erabakiak bost probetan dauka eragina. Horien artean, uztailaren 31n, Iñaki Deuna egunean egin ohi duten profesionalentzako Getxoko Zirkuitua dago.
Punta Galeako arduradunek bere erabakia bere horretan utziko dute erakunde publikoek edo organismo pribatuek 37.000 euroen ordainketa bere gain hartzen duten arte. Ildo horretatik, batzar horretan bertan Getxoko Udalari, Eusko Jaurlaritzari, Bizkaiko Foru Aldundiari eta Bizkaiko Txirrindularitza Federazioari presazko bilera egitea eskatu zitzaien egoera honi irtenbidea bilatzeko.