Ikasgai politikoa - Antton Azkargorta / EHUtik kaleratutako irakaslea

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2004ko eka. 12a, 00:13

Ezker Batuak 1936ko biktimen memoria historikoa berreskuratzeko iniziatiba hartu du. Itxuraz behintzat, ekimen txalogarria. Edozelan ere, hasitako prozesuaren amaieran, biktima zenbaitek ekinbidearen arduradunaren dimisioa eskatu du, Etxebizitza eta gizarte gaietarako sailburua den Madrazo jaunarena, alegia. Nola liteke, ordea, onuradunek ongilearen kontra jotzea?

Arazoa ez da makala. Merezi du honetaz apur bat pentsatzea, ezen Estatuaren (edozein Estaturen) mugak erakusten dizkigu-eta. Estatuak, edo haren parte den edozein instituziok, ezin du frankotiratzaile gisa jokatu, herri-iniziatiba batek egingo lukeen bezala. Ezin ditu protagonistak ordezkatu eta haien buruan jarri, hots, ezin du Estatutik kanpo dagoen kolektibo baten buru modura agertu ordezkari instituzionala izanda. Madrazok pentsatu zuen, oportunismo dexente ere tartean zela (dena esateko), prozesu justu bat lideratuz, prestigio pertsonala eta partiduarentzako boto mordoa lortuko zituela.

Kontua da Estatuaren funtzionamenduaren oinarrizko printzipioak kontsentsua eta osagai instituzional guztien batasuna direla, eta kasu honetan ez da modu horretan jokatu. Gauzak horrela, eta erakargarri nagusitzat dirua ipinita (kausaren zuzentasunaren gainetik) gauzak zeharo okertu dira. Aurrekontu mugatua zuela eta, Madrazori 8.000 eskatzaileetatik 2.500era murriztea ez zaio beste irtenbiderik geratu. Familiek kalte-ordaina kobratu ahal izateko behar zuten dokumentazioa eskuratzeko ibili behar izan dituzten komeriak definitu du prozesu osoa: leihatilaz leihatila, artxiboz artxibo, kartzelaz kartzela bete behar izan duten pelegrinazioa hutsala izan da gehienetan. Azkenean inor ez da pozik gelditu: kobratuko duenak besteek ez dutelako kobratuko; kobratuko ez duenak, zer esanik ere ez, adarra jo diotelako sentsazioarekin geratu delako. Azkenean, askok uste du dena Madrazok bere burua promozionatzeko egindako muntaia baino ez dela izan, eta ondorioz, amorru guztien helmuga bilakatu da.

Jakina, PNV eta EA zezenak langatik ikusten gelditu dira, eta gobernukidea lagundu beharrean poztu egin dira sekretuan Madrazok izandako laprastadagatik. Alderdi Sozialistak, bere aldetik, agintean zegoenean ezertxo ere egin ez zuelarik, orain biktimen banderadun bihurtu da Jaurlaritza (eta EB) erasotzeko.

Gauzak oso bestela izango ziren, ordea, Ezker Batua frankismoaren bortizkeriaren biktimen errekonozimendua eta omenaldia bilatzen zuen giza mugimendu zabal baten bultzatzaile izatera mugatu izan balitz, diru kontuak alde batera, edo oso menpeko mailan, utzita. Estatua, besterik badirudi ere, ez da Politika edo Justiziaren tokia, gauzen kudeaketarena baino. Ez da komenigarria, bistan dago, Justizia edo Politika fondoen gestioarekin nahastea, ez baitago Justiziaren Estaturik, Jaurlaritzako Sail xume batean ere ez.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun