Gotzon Lobera Bizkaiko Foru Aldundiko Euskara Sustatzeko zuzendari nagusiak eta Raul Onaindia Gernikako alkateordeak aurkeztu dute gaur Euskadiko Udalen Elkartearen (EUDEL) Bilboko egoitzan "Euskaraz blai!" kanpaina, euskara sustatzeko ekimena, alegia.
Helburu honez gain, bultzatzaileek beste ekintza batzuk antolatuko dituzte udalerrietan, euskararen ezagutza zein erabilera lantzeko xedez, hala nola gurasoak euskalduntzeko ikastaroak edo eskolaz kanpoko jardueretan euskararen erabilera areagotzeko saioak.
Orotara, Bizkaiko 46 udalek parte hartuko dute kanpaina honetan, beti ere Alkarbide Bizkaiko Toki Erakundeen Euskara Zerbitzuen Bilguneak koordinatuta.
Bestetik, 20.000 familia inguruk jasoko dute kanpainaren berri etxean, baina etxerik etxeko bidalketaz gain, "Euskara blai!" kanpaina tokiko hedabideetan ere zabalduko da. Halaber, kanpaina iragartzeko kartelak ipiniko dira parte hartzen duten udalerrietako azpiegituretan, besteak beste, kulturgune eta osasun-etxeetan.
Hartzaileen artean, aurten jaioberria eduki edota 1-6 urte bitarteko umeak dituzten herri horietako guraso euskaldunak, guraso mistoak eta guraso erdaldunak daude.
Horrela, umea jaio dela-eta, alkateak berak edo beste udal ordezkariren batek sinatuta zorionak emateko gutuna luzatuko zaie familiei. Halaber, umearen ingurune hurbilean euskara sustatzeko aholkuak batzen duen liburuxka bat eta belaki bat oparituko dizkiete familia ezberdineko haurrei.
Urtebetetik gorako umeei ere gutun bat idatziko dizkiete udaleko ordezkariek eta liburuxkaz gain, mahukatxo pare bat oparituko dizkiete.