Victor Aneiros buru duen taldearen emanaldiak pasa den ostiralean eman zion hasiera jaialdiari. Ferroleko gitarra joleak ederto berotu zuen giroa jardunaldiaren kontzertu nagusirako, Eric Sardinas protagonista izan zuenerako, hain zuzen ere. Nazioartean gero eta arrakasta handiagoa lortzen ari den bluesman honek emanaldi ikusgarria eta bizia eskaini zuen. Deltako doinuez, country-blues, Texaseko blues eta rock erritmoez gozatu zuten, besteak beste, ikusleek kontzertu luze honetan.
Larunbatean, Bobby Rush musikari ospetsuari heldu zitzaion txanda. Louisianako artista hau blues-soul estiloaren erakusle nagusienetarikoa da gaur egun, Getxon erakutsi zuen moduan. Rushek funk, folk eta gospel doinuekin aberastu du bere musika, makina bat garaikur eman dion estilo pertsonala lortu arte, hala nola Urteko Jotzaile Onena, Living Blues Magazine aldizkari ospetsuaren eskutik jasotakoa. Getxon, Bobby Rush zortzi musikari eta dantzarirekin batera aritu zen, emanaldi ikusgarria eskainiz.
Azkenik, Deborah Coleman egungo nazioarteko emakume abeslari esanguratsuenetarikoak eman zion amaiera blues jaialdiari. Jimi Hendrix, Buddy Guy, Freddie King, Albert Collins, Chrissie Hynde eta Pattie Smith bezalako artisten eragina nabaria da bere kalitatezko bluesean eta ondo erakutsi zuen Getxon zergatik izendatu duten sei aldiz W.C. Handy Sarietarako.