Halanda bere, egunaro ikusten dogun kultur errealitatea oso desbardina da: Orain arte hartuemonetarako nagusi izan dan kalea, gero eta tristeago, gero eta bakartiago igartzen dogu. Gero eta denbora gehiago pasatzen dogu etxean ordenagailuaren edo telebistaren aurrean, horreek emon behar deuskuen aukera kulturalez gozatzen. Eta urten gura dogunean kontsumo guneetara joaten gara, eta kontsumo gune horreen barruan lehen aitatu ditudan kultur ekitaldi horreek dagoz. Dana oso polita, dana gure interesean pentsatua, baina hori bai, gu ikusle eta entzule pasiboak baino ez garala (dana guretzako, baina gure ahotsa inondik bere entzun barik).
Batzuetan ekitaldi handi horreek onak izan litekezala ukatu barik, nik bestelako eskaintza bat ekarri gura dot lerro honeetara, ekitaldi handi horreen gerizpean gehienetan eskutuan lotzen dana:
- Gure herrietan bertsolari eskolak antolatzen dituezan ekitaldiak, batzuk eszenatokietan jendearen ikusgarri eta beste batzuk kale mailan jendearen parte hartzea ziurtatzen dabenak.
- Gure herrietan dagozan hainbat kultur alkartek antolatzen dituezan ekitaldiak: Kalejirak, jaialdiak, kale antzerkiak, dantzaldiak...
- Euskal Herriko hainbat gaztetxetan egiten dan kulturaren autogestinoa, bertako partaideak udalak zer ekarriko dauan itxedoten egon barik euren ekintza propioak antolatzen dituezala.
- Kalean dagozan hainbat tabernak antolatzen dituezan kontzertuak eta bestelako ekitaldiak, kaleko jendeari modu zuzen eta hurbilean gozatzeko aukera emoten deutsoenak
- Euskal Herriko herri eta hirietan udako partean martxan iminten dan jai eredu herritarra, herrietako hainbat lagunen eta talderen parte hartzea ziurtatzen dauana.
Jakin daigun aitatu ditudan aukera horreek Euskal Herriko edozein hiritan ikusi daikeguzala eta kaleko jendearen eskura dagozala, sarritan udaletatik eta beste instituzinoetatik trabak imini arren (begitu zer jazoten dan jai eredu herritarragaz, edo gaztetxeen eredu autogestionatuagaz). Aukera horreek hortxe dagoz, eta horreek emongo deutsee herriei benetako nortasun kulturala, munduko Baluarte, Gugenheim eta Euskalduna Jauregi guztiak nekez emon leikiena.
Halandaxe, ez gaitezan egon goitik zer etorriko jakun itxedoten eta gure ekintza propio eta autogestionatuak antolatu daiguzan, horreek dira eta gure herriaren benetako kultur erreferentziak. Horretan badogu beharra, eta ia danon artean aitatu dodan zerrenda hori potoloago egiten dogun. A, eta inportanteena! Merke, oso merke urtengo jakula.