Eskerrik asko Kepa - Nahikari Ayo / Bertsolaritza irakaslea

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2004ko eka. 15a, 00:05

Maiatzaren 30a egun klabea zen Ander Deuna eta Betiko Ikastolakoentzat: Ibilaldia ospatzen genuen Leioan. Eguna euritsu hasi zen, nahiz eta orduak aurrera egin ahala eguzki izpiek irten, batzuontzat eguna iluna izan zen.

Ikastolara heldu eta berri txar batek hartu gintuen: Kepa irakaslearen heriotza. Gogorra izan zen eta are gogorragoa jendea negarrez ikustea. Betiko Ikastolakook badakigu zer nolako lana egin zuen Kepak. Ikastola martxan jarri eta zuzendari lanetan aritu zen. Bera eta beste irakasle zein gurasoek ikastolaren alde egin zuten apostu, eta proiektua aurrera atera da. Azaroan frontoia inauguratu zenean ikastolan, komentatzen zenuen zer nolako lana egin behar izan zen ikastola gaur dena izateko. Zuk esaten zenuen lan eginez fruituak lortzen direla, eta hara hor zure lanaren isla den ikastola.

Asko eta asko zure ikasleak izan gara. Ez zaizkit ahaztuko astelehenetako tertuliak Athleticen inguruan, diktaketako akatsak hamar aldiz kopiatu beharra, olerkiak altuan errezitatzen genituenekoak... Gustokoa zenuen zure ikasle ohiak bisitan joatea eta guri buruzko gorabeherak kontatzea. Nire kasuan, Euskal Filologia ikasten banago zure erruz da. Zuk bultzatu ninduzun irakurtzera eta literaturaz gozatzen ikasi nuen.

Asko zor dizut, behintzat naizenaren zati bat. Gure maisu eta aholkulari izan zara urte askoan. Ziur nago, zauden tokian zaudela, izkinatxo batetik bada ere, ikastolako martxa jarraituko duzula eta hortik goitik lagunduko diguzula.

Bizirik eta Betiko Ikastolakook hitzak faltan ditugu egin duzun guztia eskertzeko. Bihotz-bihotzetik, eskerrik asko Kepa!
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun