Algortako Amnistiaren Aldeko Mugimenduak joan den ostiralean kaleratutako oihu@ agerkarian adierazten duenez, Marisa Arruek horrelako hainbat gutun jaso zituela diote Espainiako poliziek eta gutun horietan hatz markak topatu arren, "norenak diren ez dakite". Salatu dutenez, "Galder Bilbao beste arrazoiengatik atxilotu eta, hatz guztien markak hartu zizkiotenean, gutun azal batean zegoen bat berea dela esan dute".
"Bestela, onartu dute Galderri peritaje kaligrafikoa egin diotela, ez datorrela bat gutun azalean idatzitako testuarekin eta, beraz, berak ez zuela gutun azaleko testua (izen deiturak eta helbidea) idatzi", nabarmendu du Amnistiaren Aldeko Mugimenduak.
Julen Larrinagari antzeko salaketa
Marisa Arruek jasotako postala Julen Larrinagari ere bidaltzea leporatu ziotena bezalakoa da: alde batetik espetxeko zerrailaren irudia agertzen da, eta beste aldetik testu inprimatua. "Lo vais a pagar caro" izenburupean, sakabanaketaren politika eta giza-kostuaz dihardu, eta euskal presoak Euskal Herrira ekartzea guztion onerako izango dela esaten du, "también para ti" esaldia gaineratuz.
Larrinaga atxilotu eta bi hilabete egin zituen espetxean salaketa horregatik. Gero, kalera irten, eta Adin-txikikoen Tribunalean epaitu zuten. Gurasoek bostehun mila pezeta ordaintzera zigortu zuten, baita sei hilabete baldintzapeko askatasunean (hilero sinatzera) eta hainbat gizarte lanak egitera ere.
Hori dela eta, "muntaia hauen bidez gazte abertzaleak zigortzeaz gain, Euskal Presoak Euskal Herrira aldarrikapena kriminalizatu nahi" dutela adierazi du Allgortako Amnistiaren Aldeko Mugimenduak.