Agur, Carlos - Iñigo Fernandez de Martikorena / EHEko kidea

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2004ko eka. 15a, 22:31

Aurreko igandean Carlosekin solastatzeko aukera izan nuen, baina ez pentsatu bera eta bion arteko elkarrizketan elkar aditu edota ulertu genuenik. Norberak bestearen aurpegian somatzen zuena baino interesa handiagoa erakutsi zuten inguruko argazkilari, kazetari zein irrati eta telebistako langileek. Egia esanda ere, nahiko giro onean gauzatu zen gure topaketa azkarra, gutxienez bere inguruan zeuden makarrak (orain “bizkarzaina” esaten omen zaie) gure eztabaidan sartu barik gelditu baitziren. Hautes-mahaiburuaren jarrerak lagundu zuen. Ni prentsakoen ondo-ondoan kokatu izana askoz gehiago. Seguraski, hori dela eta osasun etxerako edota ertzain etxerako bidaia aurreztu nuen.

Testuinguru horretan, Carlos Iturgaitzek, hemendik gutxira eurodiputatu euskaldun bakarra izango dena, harritu ninduen: niri esaten zizkidan baina prentsarako zuzenduta zeuden buruz ikasitako eleetan ez zegoen akatsik edo hutsik. Esaldiak borobilak eta ondo ahozkatuak iruditu zitzaizkidan. Zer eboluzioa orain dela hamar bat urte zazpi lurraldez osatutako Euskal Herria onartuz Maddalen Iriarte ikaratu zuen euskaldunberri trakets harengandik hona!

Konparazioak

Baina, Ortuondok menperatzen ez duen hizkuntzaz aparte –Josuk telebistarako grabatu duen Galeuscako iragarki lotsagarriak garai batean bolo-bolo ibili ziren 2.000 pezetako bilete faltsuak gogoratu zizkidan, “Ortuondo, eres más falso que este billete” zeukaten leloa eta guzti–, Iturgaitzen diskurtsoak ez zeukan alde onik: zatar, zakar, harroputz, hitz-potolodun eta, jakina, apartheidzale eta faxista zen. Orain, “konplexubakoa” esaten omen zaio horri.

Kaixo, Loyola

Iturgaitz joan egingo zaigu –Mayor Orejarekin batera gainera– lehen “Fhürercitok” egin bezala. Aspaldidanik horrela izan da beti, eta “domuit vascones” leloa ere armarrietan jarri dituzte bata bestearen atzetik. Aldiz, Euskal Herriak tinko jarraitzen du. Azken proba HZko emaitzetan dago. Orain, Carlos joanda, EAEko Alderdi Popularreko lehendakaritzagai den Markinako Loyola de Palaciori (Jauregizar omen zen abizena Madrilen aldatu baino lehen) konponbide baten alde egitea ala Errolan bezain garaitua irtetea dagokio.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun