Belén Greaves Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura sailburuak, Elena Coria Getxoko Kultur Etxeko presidenteak eta Iñaki Saitua Getxoko Nazioarteko Jazzaldiaren zuzendariak aurkeztu dute gaur Bilbon Getxoko Nazioarteko Jazzaldi honen XXVIII. edizioa.
Getxon izango da, beraz, jaialdi honen lehen geltokia baina ez bakarra, Gasteizen eta Donostian ere egingo baita jazz musikaren jaialdi hau, Greavesek aipatu duen bezalaxe.
Getxoko Jazzaldiak 240.000 euroko aurrekontua du eta Talde Lehiaketako irabazleak 3.000 euro eta garaikurra eskuratuko ditu, eta CD bat grabatzeko aukera izango du.
Emanaldiak
Kontzertuei dagokienez, Getxoko Jazzaldia irekitzeko arduraduna Bill Bruford britainiar bateria-jolea izango da. Hurrengo egunean, uztailaren 1ean, hain zuzen ere, Brussels Jazz Orchestraren txanda izango da.
Uztailaren 2an, ostera, Chano Domínguez andaluziarrak eskainiko du kontzertua, jazza eta flamenkoa uztartzen duen musikariak, alegia. Jazzaldiaren laugarren eguneko protagonista iparramerikako McCoy Tyner konpositore eta piano-jolea izango da.
Getxo Jazz 2004ri amaiera emateko, Barbara Hendricks estatubatuarra izango da gure artean, nazioarteko ahots lirikorik onenetakoa duen emakumea. Azken kontzertu horretan, Barbara Hendricks-ek Magnus Lindgren Quartet izango du lagun, Getxo Jazz jazzaldiko Taldeen Lehiaketako irabazlea 2000. urtean.
Kontzertu nagusi hauek Biotz Alai plazan izango dira 21:30ean hasita. Sarrerek prezio ezberdinak izango dituzte, 12 eta 65 euro bitartekoak, hain zuzen ere. Halaber, gazte eta nagusiek prezio berezia izango dutela jakinarazi dute antolatzaileek.
Taldeen Lehiaketa txapelketari dagokionez, aurten ere gazteak eta "Hirugarren Milurtekoa" ataleko artistak izango dira protagonista, jaialdiak musikari gazteen alde egiten duen apustuaren erakusgarri. Getxo Antzokiko Plazan eta arratsaldeko 19:30ean hasita izango dira kontzertu hauek guztiak eta sarrera dohainik izango da.
Guztira 15 emanaldi izango dira, jam session-ak ahaztu gabe. Hauek Algortako Piper`s Irish Pub-ean egingo dira, Biotz Alai Plazako kontzertuak bukatzerakoan eta gazteentzat zuzenduriko ekitaldiak direla aitortu dute antolatzaileek.