Gizon arruntaren koplak abestiko gizon horietakoak ziren inguratuta nindukatenak, udan zein neguan koadrodun alkandora daramatenak eta bizitzaren arlo guztietaz inork baino gehiago dakitenak. Baina hori beste kontu bat da. Orain, inporta diguna gizon horiek Espainiako selekzioaren alde egiten zutela da, adimen eskasa agertzen zuten esaldi eta oihuz lagunduz Jose Angel de la Casa eta Michel gogaikarrien iruzkinei (norgehiagoka garrantzitsuetarako benetako pedigri espainiarra eta Real Madrilzalea daukaten esatariak ipintzen dituzte). Nire ingurura begiratu nuen. Ez nengoen Salamancan edo Badajozen, giro espainiarzale itogarriak momentu batez pentsarazia zidanez. Larrabasterran nengoen. Euskal Herrian.
Futbola boteretsuen tresna dela esaten da. Hori bi aldiz egia da Euskal Herrian. Hemen, ohiko funtzio narkotikoaz gain, futbolak beste zeregin bat ere badu: euskaldunok, baita abertzale askok ere, zapaltzen gaituen estatuaren alde egitea telebista baten aurrean. Zergatik? Egongo da azalpenik, baina nik ez dakit. Niretzat, herri honek duen misterioetakoa da hau, abertzaleak gehiago izanda egunkari espainiarzaleak gehiago saltzearen parekoa. Askok euskal jokalariak bertan aritzea erabiltzen dute aitzakia moduan, baina aitzakia merkeegia da hori. Ni neu behintzat, atzerritar sentitu nintzen Larrabasterrako taberna hartan, nire herrian egon arren.