
Herrian zehar egingo den txistularien kalejirarekin emango zaie hasiera, ostiral honetan,
Barrikako San Juan jaiei. Txikiek zein handiek gozatzeko aukera izan dezaten, ekitaldiz beteriko egitaraua antolatu du, aurten ere, Udal barrikoztarrak. Ekainaren 24ra arte luzatuko dira herriko zaindaria denaren omenezko ospakizunak. Besteak beste, bihar, 21:00etatik aurrera, Lehendakari Agirre plazan egingo den sardin jana herrikoia dago ekitaldi aipagarrienen artean. Larunbatean, berriz, "Borreroen justizia" euren lehendabiziko lana aurkeztuko dute Fjord taldekoek, gauerdian hasiko den rock kontzertuan. Eta igandean, Bizkaia osotik etorritako baserritarrek ekarritakoa ikusi eta dastatzeko aukera egongo da, laugarren urtez egiten den Nekazaritza Azokan.