Abian dago "Berango 2015" Plan Estrategikoa

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2004ko eka. 17a, 22:34

Gaxt Klubaren bitartez, txangoak, bidaiak, beherapenak eta opariak izango dituzte herriko umeek

"Berango 2015" Plan Estrategikoan jasotako ondorioak emango die ezagutzera auzotarrei Berangoko Udalak, etxe guztietara bidaliko den hiruorrikoaren bitartez. 2003an martxan jarri zen ekimena garatzeko berangoztarren iritziak kontutan hartu dituzte. Izan ere, hasiera hasieratik, auzotarrak eurak izan dira helburuak eta ekinbideak eztabaidatzen aritu direnak, Miren Dobaran alkatesak adierazi duenez. Berangoztar guztien gizarte kohesioa lortzea da egitasmoaren jomuga.

Miren Dobaran alkatesak nabarmendu duenez, udalerriari buruz daukaten ikuspegia ezagutzeko, Berangoko Udalak auzotarren iritzia aintzat hartzen duen lehendabiziko aldia da. Hori dela eta, "positiboki" baloratu du ekimena, bere ustez, "politika egiteko bide berria izateaz gain, ontzat hartu dutelako guztiek".

"Berango 21 Guztion Konpromisoa" izena daukan Plan Estrategikoa garatzeko, galdeketak egin zitzaizkien auzotarrei, 400 inkesta guztira. Ondoren, 18 hilabetez luzatu diren hainbat jardunaldietan, ekimenaren oinarriak finkatu dira: Berango, gozatzeko, bizitzeko eta garapenerako herria. Gainera, udalbatza osatzen dute alderdi guztiek onartu dute, aho batez, "Berango 2015".

Herri-nortasuna sendotzea helburu

Berangora joandako bizilagun berriak udalerriko eguneroko bizitza eta harremanetan parte hartzera erakarriz, herri-nortasuna sendotu nahi dute, besteak beste, Plan Estrategikoaren bitartez. Helburua lortzeko, hainbat gizarte eta kultur jarduera antolatuko dituzte, familia berrietako seme-alaba txikien inplikazioaren bidez, gurasoen gizarteratzea sustatuz. "Ahalegin handiagoa egin beharko litzateke Berangoko umeek elkar ezagutu dezaten", aipatu du Dobaranek.

Horretaz gain, jasangarritasuna ere izan da hizpide. lldo horretan, Agenda 21 delakoan oinarritutako gizarte, ekonomia eta ingurumen politika garatzen saiatuko dira. Izan ere, Berangoko hazkundea eta garapena guztion berdintasunean oinarrituta egon behar dela uste dute, etxebizitza eta hezkuntzari bultzada emanez.

Gaxt Kluba

"Berango 2015" Plan Estrategikoari lotuta, herriko 0 eta 14 urte bitarteko umeentzako ekimen berria abian jarri dute Berangoko Udalak eta Kultura Sailak. Dohainik izango den karnet baten bidez, abantail ugari izango dute bertan erroldatutako neska-mutilek. Besteak beste, txangoak, bidaiak, beherapenak, opariak... egongo dira Gaxt Klubeko kideentzat. Santa Anako Kultur Etxean daude eskuragarri txartelak. Gainera, eskatzen duten guztiei oparia emango zaie euren adinaren arabera.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun