Arrigunagako -oraindik ezagutzen ez diren arrazoiengaitik, azterketetan emaitza txarra eman zituen duela egun batzuk- eta Areetako hondartzetan ere -urte askotan debekatuta egon da bainua hartzea- egoera ona da alkateak ziurtatu duenez. Azken honi dagokionez, ur azalean hondakin solidorik jadanik ez dagoela azpimarratu du Zarraoak. Hori dela eta, bainua baimendu dute hondartza horretan. Hori guztiagatik, Areetako hondartza ur azaleko hondakin solidoetatik babesteko sarearen ez du oraindik erosiko Udalak. "Udak ezustekorik gabe aurrera egiten baldin badu 30.000 euro inguruko balioa duen babes-hesi hori ez dugu inoiz erosi beharko", zehaztu du alkateak.
Gehitu duenez, Abrako eta bertako hondartzetako ureen kalitatea "gero eta hobeagoa izango da datozen urteetan, Ur Partzuergoak egin berri dituen inbertsioei esker". Besteak beste, hodi bat eraikitzea aurreikusten dute, Galindoko ur araztuak Punta Lucerotik zein Galeatik 3 kilometrotara dagoen itsas sakonerara eramateko.
Getxok ez du gehiago bandera urdina eskatuko
Iñaki Zarraoak aipatu duenez, hondartzetako eta bere inguruetako kalitatearen adierazgarri den ISO egiaztagiri sistemara bat egitea eskatuko du Getxok datorren urtean, duela bi urte Bizkaiko Foru Aldundiak lau hondartzetan abiatutako ekimen pilotoa dela eta.
Horren ondorioz, Udal getxoztarrak uko egingo dio etorkizunean bandera urdina saria jasotzeari. Zarraoak azaldu duenez, "bigarren arrazoi bat dago horri uko egiteko, aipatutako erakundeak duen seriotasun eza, hain zuzen ere, ikur urdina ematerakoan Kantauriko hondartzeekin Estatuko gainontzekoekin baino zorrotzagoa da".