Sainz de la Mazaren iritziz, "beharrezkoa ez den tirabira" mantentzen ari dira sindikatu abertzaleak. "Negoziazio mahaian jesartzeari uko egin diote", gaineratu du. Izan ere, Eudeleko lehendakaria ere den Leioako alkateak dioenez, Euskadiko Udalen Elkartea da udal administrazioko hitzarmena eztabaidatzeko jesarri beharreko foroa. ELAk eta LABek, berriz, udalez udal egin nahi dituzte negoziazioak.
Hori dela eta, negoziatu nahi ez duten irudia saltzen saiatzen ari direla salatu dute sindikatuek. "Gezurra da. Azken bi urtetan, Eudelen inposatu ziguten hitzarmena, eta oraingoan, gauza bera egin nahi dute. Baina beti ez dugu amua irentsiko", adierazi du ELAko bozeramaleak.