Sopelako hondartzako langak tirabirak piztu ditu Udalaren eta ostalarien artean

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2004ko eka. 18a, 19:50

Barinatxeko parkinga dohainik aterako zaie eskualdeko surflariei

Arrietara ibilgailuak sartzea eragozteko langa jartzeak tirabirak eragin ditu hondartza inguruan tabernak dituzten ostalarien eta udal arduradunen artean. Atzo kaleratutako idatziaren bidez, neurri horren aurka protestatzeko, arratsaldero langa ondoan egiten ari diren kontzentrazioak gogor kritikatu ditu Sopelako Udalak. Komunikatuan adierazten denez, "Jokabide biolentoak baino ez dituzte eragiten, -euren irabaziak gutxitzen ikusten dutelako- ostalari batzuekin batera, hainbat pertsonak burutzen ari diren ekintzek. Orain arte errepidea moztu eta zenbait auzotarrei euren etxeetara joaten eragotzi diete". Bizkaiko Ostalaritza Elkarteak eta kaltetutako enpresariek, aldiz, ez dituzte batere ondo hartu adierazpenak.

Sopelako Udalak hondartza inguruko ostalariei buruz esandakoak gaitzetsi ditu Bizkaiko Ostalaritza Elkarteak. Prentsa ohar bidez adierazi dutenez "ez dira moduak". "Kokoteraino gaude, euren interesen arabera, udal ordezkariek egiten duten gertaeren interpretazioaz eta demagogiaz", gaineratu dute. Gutxienez, gauean langa zabalik egotea eskatzen dute.

Udal arduradunek, ostera, burubelarri jarraitzen dute ibilgailuak hondartzara sar ez daitezen hartutako erabakiarekin, "zonaldea behin betiko oinezkoentzat egiteko". Halaber, "epe ertainera begira, sopeloztarren gehiengoa neurriaren alde" egongo dela uste dute. Bide batez, jasotako "elkartasun adierazpenak" eskertu nahi izan ditu Sopelako Udalak, "euren iritziak inposatzeko, zilegiak ez diren metodoak" erabiltzen dituztenen jokabidea gaitzestearekin batera.

Surflariek parkinga dohainik

Arrietara oinezkoentzat jartzeko hartutako neurria dela eta, hondartzetara joaten diren surflariek Barinatxeko parkinga dohainik erabili ahal izateko akordioa adostu dute Sopelako Udalak eta Euskal Herriko Surf Federazioak. Horrela, 2004ko udaldira begira, datorren astetik aurrera -zerrenda eta paseak egiteko denbora egoteko- sosik ordaindu gabe aparkatzeko aukera edukiko dute EHSFn izena emanda dauden eta Uribe Kostako kluben kide diren surflariek.

Ibilgailuak sartzea debekatzea, oinezkoei eta bizikleta erabiltzen dutenei erraztasunak emateaz gain, hondartza inguruak zaintzeko egoki ikusten du EHSFk. Halaber, hondartzetako ohiko erabiltzaileak eta ingurumenarekin adeitsuak direla kontutan izanda, parkinga ordainketa surflarientzako dirutza handia dela ulertzen du Sopelako Udalak. Getxo, Peña Txuri, Larrabasterra, Larrabas, AIB, Barrika eta ABUK surf taldeek ere eman diote onespena hitzarmenari. Horrela, datorren astetik aurrera jaso ahal izango dituzte txartelak udaletxeko bulegoetan surflariek.

Gaiaren inguruko albisteak:

Barinatxe hondartzako parkingak bost euroko prezioa edukiko du bihartik aurrera (2004 Eka 11)
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun